[Erreportajea] Buru osasuna lehenesten
Azken urteetan haur eta nerabeen buru osasuneko arazoak areagotu egin dira. Urriaren 10ean da Osasun Mentalaren Nazioarteko Eguna, eta eritasuna normalizatzen ari bada ere, oraindik bidea dago egiteko.
Koronabirus gaixotasuna ez da guztiz desagertu, birusak gure artean jarraitzen du, baina esan daiteke unerik latzenak atzean utzi direla dagoeneko. Gizartean eragin handia izan zuen pandemiak, eta zehatzago, larrialdi egoerak; etxean geratzeak, murrizketak, heriotzak, beldurrak… Azken bi urteetan haur eta nerabeen buru osasuneko kasuak areagotu egin dira, eta osasun arloko zenbait profesionalen ustez, honakoa bizitakoaren ondorio zuzena da. Beraz, esan daiteke deskribatutako egoeraren ondorioak jasaten jarraitzen ari dela gizartea oraindik ere.
Salbuespen egoera horretan, eskolek bereziki, zenbait neurri berezi hartu behar izan zituzten beren gain; online irakaskuntza, IKTetara egokitutako materialak, edota lan bidezko ebaluazio sistemak, esaterako. Haur eta nerabeek egoera zail batekin egin zuten topo eta egoera ezberdinei egokitzeko gaitasuna duten arren, horrek ez du esan nahi ondorioak jasaten ez dituztenik.
Eskoletan laguntza edo orientazio zerbitzuak eskaintzen dituzte buru osasuneko arazoak dituzten haur eta nerabeei laguntza emateko, baina gehienetan laguntza espezifikoak edo egokitzapen berezia behar dutenak emateko zailtasunak izaten dituzte. Egoera horietan eskolatik at bilatzen dute laguntza hori.
Aldaketa Psikogunea da ikastetxeekin elkarlanean aritzen den psikologia eta pedagogia zentroetako bat. Maite Elizondo psikologoa, eta Olatz Elizondo pedagogo eta psikopedagogoa dira duela 30 urtetik Irunen kokaturik dagoen zentro honetako langileak. Oarsoaldeko eta Bidasoko eskolekin lan egiteaz gain, Ipar Euskal Herrian eta Nafarroako iparraldean ere aritzen dira. Zenbaitetan gurasoak dira zuzenean Aldaketarekin harremanetan jartzen direnak, eskoletatik bideratuta edo hainbat profesionalen aholkularitzapean. Bestetan, eskolak izaten dira zuzenean haiekin kontaktuan jartzen direnak.
Aldaketa zentroan, haur zein nerabeei erremintak eta estrategiak emateaz gain, psikologia eremuko laguntza ere ematen dute, eta aldi berean, gurasoekin, familiekin, tutoreekin edota orientazio departamentuarekin ere elkarlanean aritzen dira aholkularitza eta gidaritza lana eginez.
“Familiak ez geunden gure seme-alabak sare sozialen bitartez hezteko prest” Olatz Elizondo.
Pandemiaren ondoren osasun mentaleko arazoak hazi egin direla sumatu dute. Haien ustez, gorakada hori ezin da larrialdi egoerarik gabe ulertu. Bi urte hauetan zehar, adimen emozionala ondo kudeatzeko erreminta eta heziketa gabezia batekin aurkitu dira haur, nerabe eta baita helduak ere.
Egoera horretan, patologietara iritsi gabe, osasun mentaleko arazoen sintomen adierazle asko agertu direla adierazi du Maite Elizondok: «Antsietatearekin eta animikoki baxu egotearekin zerikusia dutenak, adibidez, depresioa izatera iritsi gabe». Etorkizunera begira, ordea, zaurgarriagoak izateko eta patologiak garatzeko arriskua izan dezakete horiek.
Sintomatologia horiek, beste zenbait faktoreren artean, pandemian zehar izan zituzten harremantzeko mugekin dute zerikusia. Hasieran itxialdian nor bere etxeetan isolaturik gelditu ziren gazteak. Ondoren, etxeratze-aginduak, segurtasun distantziak eta musukoa jartzearen obligazioa agertu ziren. Egoera horretan, gazte askok sare sozialetara jo zuten. Ondorioz, harremantze eredua birtuala izatera igaro zen. «Harremantze eredu oso erreala ez zela esango genuke», azaldu du Maitek. Haurren eta nerabeen adinean egoera sozialak asko du esateko beren garapen sozialari dagokionez, eta hori da hain juxtu pandemia garaian normaltasunez egin ez dutena, garapen soziala sare sozialen bidez egin dute eta. Sare sozialek helduen mugak gainditzen dituzte, Olatzen ustetan. «Egoera horren aurrean, guraso askok horrelako egoera bati aurre egiteko errekurtso gabe geratu ziren, familiak ez baikeunden prestatuak gure seme-alabak sare sozialen bitartez hezteko». Aldi berean, hezkuntzako profesional bezala, kritiko agertu da Olatz: «Eskolek oso lan ona egin dute, familiak ere ongi ari dira. Baina profesionalok arlo honetan korrika egin behar dugu, hemen gabezia bat dugu».
“Emozio guztiek bere zeregina dute, eta epe luzean garraiatzen baditugu guregan eragina dute” Maite Elizondo.
Gazteek, beraz, gehiegizko erabilera eman diete sare sozialei, eta horrek, errealitatea distortsionatzera eraman ditu. «Aurrez aurreko harremanetan sare sozialetako irudia norberaren ‘alde inperfektuarekin’ aldera daiteke. Sare sozialetan soilik harremantzen garenean, ordea, garen guztiaren filtro bat ezartzen dugu. Hori ere bagaren arren, gure alde ona soilik erakusten dugu».
Errealitatearen distortsionatzeak, aldi berean, ziurgabetasuna izatera eraman ditu gazte asko. «Etorkizunean zer gertatuko zen, egiten ari zirena ondo ote zegoen ala ez… galdetzen zuten askok». Aldi berean, Maitek gogora ekarri du gizarteak nerabeak gogor epaitu eta kriminalizatu egin zituela ezarri zituzten arau zorrotz guztiak betetzen ez zituztelako. Horrek, epe luzera, beren autoestimuan eragina izan du. Batzuei antsietatea eragin die, beste batzuei elikadurarekin edo irudiarekin zerikusia duten nahasmenduak sortu zaizkie, edota alkoholarena bezalako kontsumo toxikoetara jo dute.
Hala ere, sare sozialek badute alde ona. Pertsona askok ongizate mentalaren garrantzia azaleratu eta buruko arazoei garrantzia ematen lagundu dute. Pertsona horiek erreferente bihurtu dira, «horrek profesionalengana etortzeko ausardia eman die».
Adinaren araberako beharrak
Iaz, adibidez, egindako lanketa askoren epizentroa beldurra izan zen. Beldurraren emozioa beti, asko landu duten zerbait da, baina azken bi urteetan areagotu egin dela sumatu dute. 6 eta 9 urte artean garuna garatzen hasten den heinean, kontzientzia maila handiagoa hartzen hasten dira haurrak, eta bizitza zer den edo arriskuak zer diren hautematen hasten dira. «Pandemia garaian hedabideen aldetik asko jaso genuen emozio hori; gaixotasun tasak, heriotza tasak… Haurrek hori guztia jasotzen zuten, baina gu baino estrategia kognitibo gutxiago zituzten horri aurre egiteko», azaldu du Olatzek. Ondorioz, amesgaiztoak edota lokartzeko zailtasunak garatu dituzte.
Musukoak ere ondorioak utzi ditu, haur, nerabe eta baita gurasoengan ere. Musukoa kentzeko beldurra izan zuten askok. Maite: «Emozio guztiek bere zeregina dute, eta epe luzean garraiatzen ditugunean gure autoestimuan, autokontzeptuetan, eta estrategia pertsonalean eragina du».
Gizartean osasun mentaleko arazoei erantzun bat emateko beharra dagoela argi utzi du pandemia ondorengo egoerak. Gabeziei aurre egitean eta prebentzioan ezarri dute fokua bi profesionalek, «hori baita patologietara ez iristeko biderik onena».
«Lehendik zeuden arazo horiek guztiak azaleratu egin dira»
Buruko osasun arazoak dauzkaten pertsonen eta senideen Gipuzkoako elkartea da AGIFES. Programa zein zentro espezializatuen bidez babesa eta laguntza ematen dute.
Egungo egoeraren zer diagnostiko egiten duzue AGIFESen?
Pandemiaren aurretik gazte, guraso eta irakasle asko laguntza eske etortzen hasi ziren. Arduratuta zeuden, ez baitzekiten geletan eta etxeetan gertatzen ziren gauzak nola kudeatu. Arazo horiek buru osasun arazo larriagoak bihurtzearen beldur ziren. AGIFESen 18 urtetik gorako pertsonekin egin dugu lan beti, baina 14, 15 eta 16 urte zituzten gazteek emozio arazoak kudeatzeko arazoak zituztela ikusi genuen. Ez dizkiegu antsietatea eta estresa kudeatzeko behar dituzten tresnak ematen. Egoera ikusita, eskoletara joaten hasi ginen prebentzio programa batekin [Zeuk aukeratu]. Pandemia etorri zenean, ordea, geldialdi bat egin genuen. Badirudi pandemiaren ondoren osasun arazo kasu asko agertu direla, baina nire ustez, batez ere, lehenik zeuden arazo horiek guztiak azaleratu egin direlako gertatu da.
Pandemiaren aurretik gutxi hitz egiten zen buruko osasun arazoen inguruan. Tabua zen. Pandemia garaian pertsona famatu asko atera dira buru osasuna zaindu behar dela esanez. Normaltasun bat ematen hasi zaio gaiari, eta horri esker landu daitekeen zerbait bilakatu da. Gizartea irekiago dago.
Zeuk aukeratu programa, beraz, prebentzio programa gisa hasi zen.
Bai. Hasieran eskoletara joaten hasi ginen prebentzio programa moduan. 2021eko irailean programaren bigarren zatia martxan jarri genuen: laguntza programa. Proba pilotu moduan zortzi gaztek osatutako talde bat sortu, eta astero hezitzaile edo psikologo batekin taldekako saio eta esku-hartze indibidualak egiten hasi ginen. Beren artean harremantzea oso positiboa dela ikusi dugu, eta beraiek ere hala diote. Finantzaziorik gabeko programa da, baina esfortzu bat egiten ari gara emaitzak ikusten ari garelako. Osakidetzarekin eta batez ere, Donostialdeko Haurren eta Gazteen Psikiatria Taldearekin kontaktuan gaude. Azkenean zerbitzu osagarriak dira. Koordinatuta lan egiten dugu. Halaber, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin ere erlazioa dugu.
Orokorrean, zein dira gehien ikusi dituzuen buru osasun arazoak?
Pandemiaren efektuarekin antsietate eta depresio kasu gehiago ikusi ditugu. Baina gaur egungo gaitza suizidioa dela esango nuke: suizidio saiakerak, suizidio ideiak…
Gazteei laguntza ematea oso garrantzitsua da, ezta? Batez ere, beren etorkizunean eragina izan dezakeelako.
Bai, guztiz. Hori da gakoa. Laguntza programa hauekin babesa sentitu behar dute eta beste aldetik, ohartu behar dira arazoak orain konpondu behar direla. Gure esperientziagatik, 30 urterekin, 20rekin baino askoz ere zailagoa bihurtzen da egoerari buelta ematea.
Zeintzuk dira AGIFESen etorkizuneko erronkak?
Gure betiko erronka buru osasuna, gizartean, beste arazo bat bezala ikustea da. Eta noski, Zeuk aukeratu programa aurrera ateratzea ere badugu erronken artean. Denon artean elkarlan bat egitea oso garrantzitsua da.