Dena prest dute Madalensoron, garagardoa protagonista izan dadin
Hiru urteren ondoren, gaur hasiko da Oiartzungo Garagardo Festa. Aurten toki berri batean jarriko dute karpa.
Oiartzunen dena prest dute herriko garagardo festa hasteko. Hamaseigarrena izango da aurtengoa. Aurten toki berri batean jarriko dute karpa: Madalensoroko aire zabaleko pilotalekuan.
2019an egin zuten azkeneko aldiz, eta indartsu bueltatuko da festa: bost arratsez luzatuko da. Hainbat garagardo mota dastatzeko aukera izateaz gain, sabela betetzeko aukera egongo da.
Arratsaldero 19:00etan irekiko dute karpa, eta gaur, ostiralean eta larunbatean 01:00etan itxiko dute. Bihar eta etzi, berriz, ordubete lehenagora arte arituko dira garagardo txorrotetatik zerbitzatzen.
Beranduxeago itxiko duten gau horietan, gainera, zozketak egingo dituztela jakinarazi dute Oiartzungo Garagardo Azokaren antolatzaileek. 60 sari baino gehiago banatuko dituztela nabarmendu dute.
Boluntarioak egunotan lanean aritu dira karpa altxatu, barrak jarri eta guztia ongi joango dela ziurtatzeko.