Aurtengo ariketaren berritasunen artean daude, besteak beste, Belarriprest saioak eta Gazte erronka. Horien berri larunbatean emango dute.
Antxoko Euskaraldiaren batzordeak datorren larunbatean egitekoa den aurkezpen ekitaldira deitu ditu barrutiko bizilagunak. Azaroan hasiko den ariketaren berritasunak Kultur Etxean jarriko dituzte jendaurrean, larunbatean, 13:00etan.
Hizkuntza ohituretan eragiteko saiakera hirugarren aldiz egingo da aurten, azaroaren 18tik abenduaren 2ra bitarte. Hitzez ekiteko garaia lelopean martxan dira, jada, euskararen alorreko eragileak, eta zenbait berrikuntza dakartzate. Besteak beste, aurreratu dute aurtengo hamabostaldian Belarriprest saioak eta Gazte erronka martxan egongo direla, estreinakoz, Antxon.
Horiei buruz sakonago aritzeaz gain, informazio praktikoa ere emango dute batzordekideek larunbatean: rolei buruzko azalpenak, izena noiz eta nola eman daitekeen, txapak zein egunetan jaso beharko diren… Kultur Etxeko ateak zabalik egongo dira edonorentzat.