Lau domina Pasaia Kayakentzat Zaragoza Hiria proba klasikoan
Ebro ibaian urre eta zilar bana eta bi brontze lortu ditu talde pasaitarrak. Berrogei talderen artean hamargarren sailkatu dira urdinak.
Igandean jokatu zen Zaragozan, Ebro ibaiaren uretan, Ibercaja Zaragoza Hiria Trofeoaren XXXVI. ekitaldia, eta bertara eraman zituen Pasaia Kayakek kadete eta haurren kategorietako ordezkariak.
3.000 milako distantzian lehiatu ziren proba guztiak, bakarkako lanean zein binakakoan, eta lau domina lortu zituzten pasaitarrek guztira. Bi brontze, zilar bat eta urre bat.
Maialen Vitoriak hirugarren egin zuen kadeteen kategorian, segundo bat baino gutxiagoko aldearekin bigarrenarekiko. Oinatz Alonsok, berriz, Haurrak B taldean hartu zuen parte, eta eroso bezain irmo eutsi zion bigarren postuari. Gaizka Lopezek Haurrak A kategorian hartu zuen parte, eta haren lanarekin heldu zen bigarren brontzezko domina.
Talde pasaitarraren garaipen bakarra azken txandan iritsi zen, K-2 ontzien lehian, neska kadeteen kategorian, eta nagusitasun handiarekin, gainera. Hiru ontzi aurkeztu zituzten pasaitarrek, eta Vitoriak eta Nuñez palistek osaturikoak nagusitasun osoz lortu zuten garaipena, 24 segundoko tartea atereaz bigarrenari.
Azkenik, aipatzekoa da beste talde askok baino ordezkari gutxiago izan arren, top 10-ean sartzea lortu zuela Pasaia Kayakek taldekako sailkapenean, hamargarren postuarekin, Espainia osoko 40 talde bildu zituen zerrendan.