Lezoko EH Bilduren Herri Batzarra, hauteskundeak prestatzen hasteko
Lezoko hauteskunde planari, eta udal hauteskundeetarako herriko zerrendaburuari buruz hitz egingo dute, besteak beste.
Lezoko EH Bilduk batzarrera deitu ditu herritarrak ostegunerako (hilaren 13rako). 19:00etan hasiko da bilkura, Kultura Aretoan. Hiru puntu nagusi izango ditu, den-denek 2023ko maiatzean egitekoak diren udal eta foru hauteskundeekin harremana dutenak.
Lehenik eta behin Ainhoa Beola koalizioko erakunde arloko idazkariak testuinguru politikoaren berri eman, eta hor EH Bilduk zein toki duen azalduko du. Ondoren, Lezoko hauteskunde planaren gainean hitz egiten hasiko dira bertaratutakoak. Bukatzeko, udal hauteskundeetarako herriko zerrendaburuaren gainean solastuko dira, proposamenak mahaigaineratuz.