Desagertuta zegoen arrantzalearen gorpua aurkitu dute
Atzo iluntzean atera zen arrantzara. Gaur goizean etxean ez zela ikusita, larrialdi zerbitzuetara deitu dute haren hurbilekoek.
Atzo (asteartea) iluntzean arrantzara atera zen arrantzalearen gorpua gaurko (asteazkena) 15:30ak aldera aurkitu dute erreskate zerbitzuek, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez. 67 urteko gizon bat zen. Pasaiako uretan topatu dute hilotza, Jaizkibelen: ustez, hara joatekoa zen arrantzara, tiro eremuaren inguruko labarretara. Pasaiako portura eraman dute gorpua, eta Ertzaintzak jakinarazi du arrantzaleari gertatu zaiona argitzeko ikerketa abiatu duela.
Atzo iluntzean arrantzara atera, eta gaur goizean etxera bueltan ez zela ikusita, haren hurbilekoek abisua eman diete larrialdi zerbitzuei. Goizean hasi dituzte bilaketa lanak, eta arratsaldeko lehen orduan topatu dute arrantzalearen hilotza.