Hezkuntza lege berriaren kontrako manifestaziora autobusak Oarsoaldetik
Euskal Eskola Publikoaz Harro topaguneak deitutako mobilizazioa azaroaren 5ean izango da, Bilbon. Izen emate epea zabalik da.
Euskal eskola publikoaren alde, euskal hezkuntza lege honi ez! leloarekin manifestaziora deitu dute, azaroaren 5erako eta Bilbon (17:30ean Jaurlaritzaren Hezkuntza Ordezkaritzatik hasita), Eskola Publikoaz Harro topagunea osatzen duten dozenaka eragileek. Izan ere, 2022-23 ikasturtean EAEko Hezkuntza Legea onartu nahi du Eusko Jaurlaritzak. Lege horrek egun indarrean dagoen Euskal Eskola Publikoaren Legea ordezkatuko du. Topaguneak lege proposamen berriak hutsune nabarmenak dituela uste du. Oarsoaldetik autobusak antolatu dituzte azaroaren 5ean Bilbora joateko.
Urriaren 13an aurkeztu zuten mobilizazioa: “Aurreproiektu honek sare publikoaren alde zenbait adierazpen jasotzen dituen arren, bere beharrei erantzun egokirik eman gabe jarraitzen du. Aldi berean, sare pribatuaren aldeko neurriak etengabe hartzen ari da Hezkuntza Saila azken hilabeteetan dekretu eta aginduen bidez”. Aurkezpenean mobilizaziorako beste hainbat arrazoi eman zituzten topagunekoek, jarraian dagoen estekan klik eginda irakur daitezkeenak (PDF artxibategia da).
Oarsoaldetik autobusak antolatu dituzte Bilboko manifestaziora joateko. Horietan jada izena eman daiteke, Internet bidez. Hemen klik eginda joan daiteke izen-emate formulariora. Bertan, besteak beste, autobusa non hartu nahi den adierazi behar da. Autobusak 15:30ean aterako lirateke Oarsoaldeko herrietatik, eta Bilbotik eskualderako buelta 19:30ean hasiko lukete.