Ibilketa nordikoa, asteazkenero Lezon
Jarduera ikasturteko asteazken guztietan egingo dute, Koldobike Gezala pilotalekutik abiatuta, 16:00etatik 17:00etara.
Lezoko Udaleko Kirol Orientazio Zerbitzuaren ekimenez, ibilketa nordikoa egiteko aukera izango dute, asteazkenero, hala nahi duten lezoarrek. Lehen irteera bihar (hilak 19) egingo dute, 16:00etatik 17:00etara, Koldobide Gezala pilotalekutik hasita. Bihartik aurrera, beraz, asteazkenero ordu eta toki berberean bilduko dira.
Bihar, herriko kirol orientatzaile Maddi Market izango dute zain partaideek pilotalekuan, ibilketa nordikoan trebatzeko aholkuak emateko. Beharrezkoa den materiala utziko die udalak agertzen direnei, eta adin mugarik ez dagoela jakinarazi dute.
“Oso jarduera egoki, atsegin eta gomendagarria da”, adierazi dute udaletik. Ibiltzeko ohitura dutenek balia dezakete aukera, baina kontuan hartuta gorputzak eta bihotzak egiten duten lana handiagoa dela. “Gutxi ibiltzen direnentzat herriko baliabidea aprobetxatu eta mugimenduan jartzeko aukera bikaina da”, esan dute udal erakundeko Kirol Orientazio Zerbitzuko kideek. Gainera, taldean egiteko moduko jarduera dela nabarmendu dute.
Ibilketa nordikoarena Muittu Lezo estrategiaren barrukoa dela adierazi du udalak. herritarren artean bizitza aktibo eta osasuntsuagoa sustatze aldera.
Informazio gehiago behar duenak kirol orientatzailearekin hitz egiteko aukera du, telefonoz (674 17 16 81).