Mendiolatik Uliara ospatuko ditu Trintxer Mendi Taldeak 31 urteak
Elkartearen urtemuga ospatzeko Mendiola-Ulia ibilaldi neurtua egingo dute 29. aldiz. Eguna borobiltzeko, bazkaria.
Trintxer Mendi Taldeak 31 urte beteko ditu aurten, eta hilaren 30a –igandea– hautatu dute urtemuga ospatzeko egun. Urtebetetze bikoitza izango da egun horretakoa, Mendiola-Ulia irteera proposatu baitute igande horretan elkarrekin egiteko, eta ibilbide horrek 29 urte beteko baititu halaber.
Antolatzaileek ilusioz eman dute hitzorduaren berri: “Garrantzi handiko zita dugu. Hilaren 30a egun aproposena da Trintxer Mendi Taldearekin konpartitzeko eta ospatzeko”. Hori esanda, gonbidapen irekia egin diete bizilagunei ibilaldian parte hartzeko nahiz ondoren izango den bazkarira hurbiltzeko.
Otordua mendi taldearen elkartean egingo dute, eta 80 aulki inguru egongo dira bertan. Aldez aurretik tokia eskatu beharko dute interesdunek hilaren 24a baino lehen, eta horretarako 679 23 36 60 telefono zenbakira (Gorka) deitzeko eskatu dute. Bazkaltzeko 25 euro ordaindu beharko dira, eta 14:30ean egin dute hitzordua, elkartean bertan.
Ibilaldia
Mendiola-Ulia martxa 16,47 kilometroko ibilbide zirkularra da, Trintxerpen hasi eta puntu berdinean bukatuko dutena; 639 metroko desnibel positiboa eta 635eko negatiboa ditu. Irteera teknikoki erraza dela esan badute ere, mendi taldetik gazteenentzako beste proposamen bat prestatu dute, eta buelta txiki hori egin nahi dutenek 08:30ean egingo dute hitzordua antolatzaileekin.
Gainontzeko mendizaleei eskatu diete zein ordutan aterako diren zehazteko izena ematerako orduan, antolatzaileen lana errazte aldera. Inskribapenak “ahalik eta azkarren” egiteko ere eskatu dute arrazoi berberagatik.
Bazkideek 6 euroko ordaindu beharko dizkiete elkarteko kideei ibilaldi neurtuan izena emateagatik. Haurrentzat 4 eurokoa da prezioa, eta bazkide ez diren gainontzeko helduentzat 8 eurokoa.