"Adimen desgaitasuna dutenak modu independentean bizi daitezke"
Atzegik kanpaina berria aurkeztu du. Adimen desgaitasuna duten pertsonek modu independentean bizitzeko duten eskubidea aldarrikatu nahi dute.
Nire erara bizitzeko erronka lelopean, Atzegik ikasturte honetako kanpainaren berri eman zuen atzo Trintxerpen. Adimen desgaitasuna duten pertsonek modu independentean bizitzeko duten gaitasuna eta eskubidea aldarrikatzea izango ditu ardatz fundazioak.
Adimen desgaitasuna duten pertsona guztiek autonomia gaitasun ezberdinak badituzte ere, Atzegik argi utzi nahi izan du askok beste edonoren antzeko bizi proiektua eraiki dezaketela, beharrezko duten laguntza ematen bazaie, betiere. Profilen eta bizi-aukeren aniztasuna nabarmendu du erakundeak.
Bide horretan, aurten, ohiko bi kartelen ordez, bizitzeko lau modu desberdin islatzea erabaki dute lau kartel eta bideoren bidez; ikus-entzunezkoak hurrengo asteetan zehar zabalduko ditu Atzegik sare sozialen bidez.
Bakoitzaren beharretara egokituriko jarraipena egiten du Atzegik
Bertako protagonista denek Atzegiren laguntza jasotzen dute, neurri handiagoan edo txikiagoan, haien beharren arabera. “Batzuek babes emozional handiagoa behar dute”, zehaztu dute, “beste batzuek nolabaiteko gainbegiratzea erosketekin antolatzeko, sukaldean edo etxeko ekonomian”. Bakoitzaren beharren araberako jarraipena egiten du Atzegik.
Haien bidelagun izatea da azken asmoa, ibilbide horretan topa ditzaketen zailtasunak arinduz: “Talde honentzat, gainerako biztanleentzat bezala, independizatzea erronka handia da eta zailtasun handiak dituzte pisua bilatzerako orduan, pisukideekin, antolatzeko orduan, eta abar, baina Atzegitik bidea erraztu nahi diegu, geroz eta pertsona gehiagok euren ametsa egi bihur dezaten”.
Hilabete honetan Bizitza Independenterako Prestakuntza Tailerrak jarriko dituzte abian, etorkizunean modu independentean bizitzeko nahia edo kezka duten desgaitasun intelektuala duten pertsonentzat. Prestakuntzaren helburua biharko egunean topa ditzaketen erronkei aurre egiteko prestatuago egotea”.