Ispilu-orrazia opari, estetika zentroetan euskara erabiltzeagatik
'Euskaraz ederrago!' kanpainaren barrukoa da iniziatiba. Estetika zentroetan euskaraz hitz egiten dutenei emango diete oparia, hilaren 31ra arte.
Eskualdeko lau udalek, Oarsoaldeko Euskara Batzordearen bitartez, Euskaraz ederrago! kanpaina abiatu zuten. Estetika zentroetan euskararen presentzia eta erabilera areagotzeko egitasmoa da. Izan ere, urtero, gremio bat aukeratzen du Oarsoaldeko Euskara Batzordeak euskararen erabileraren eta ikusgarritasunaren aldeko urratsak egiteko; aurten, estetika zentroen txanda izan da. Horren harira, gune horietan euskara erabiltzen duten bezeroak saritzeko, patrikako ispilu-orraziak jaso berri dituzte kanpainarekin bat egin duten establezimenduek: euskara erabiltzen dutenen artean banatzen hasi dira jada.
Kanpaina ez da horretara bakarrik mugatu, ordea. Euskaraz ederrago!-rekin bat egin dutenek euren dendetako idatziak euskaratzeko aukera izan dute, eta alorrarekin harremana duten hitzen zerrendarekin hiztegia jaso dute. Gainera, ekainean, alfonbrak eman zizkieten partaideei, egitasmoaren leloa dutenak. Egutegi-hiztegia ere jaso zuten: egunero euskarazko hitz edo esaera bat ikasteko aukera ematen zuen euskarri horrek apiriletik uztail bukaerako egunetara.
Ispilu-orraziak hilaren 31ra arte banatuko dituzte kanpainaren barruko negozioek. Beraz, estetika zentroetan euskaraz hitz egiteagatik, oparia seguru.