[Bideoa] Pitxitxuloko mamuaren bila aterako dira antxotarrak
Antxon Gau Beltza ospatuko dute hilaren 31n. Eskulan tailerra, ginkana beldurgarria, akelarrea eta 'sobakillo' afaria egingo dituzte.
Pasai Antxon Gau Beltza ospatuko dute hilaren 31n. Pitxitxuloko mamuaren alkandora topatu dute azken egunotan zenbait gaztetxok Molinao inguruetan, eta haren bila abiatuko dira antxotarrak hilabeteko azken astelehenean.
Ginkana beldurgarrian abiatu arretik, baina, gaurik beltzenerako prestalanak egingo dituzte: Biteri plazako eskulan tailerrean karetak, kalabaza apainketa eta aurpegi margoketa egingo dituzte, besteak beste. Den-denak ibilbide beldurgarrirako prest daudenean abiatuko dira, Lizeo txikitik, mamuaren bila.
Egunari bukaera emateko akelarre herrikoia eta sobakillo afaria (nork berea eraman beharko du) egingo dituzte bizilagunek Ibaiondon.
Jantzia, txuri-beltz
Pitxitxuloko mamuaren bila abiatzeko bidelagun berezi bat izango dute antxotarrek: Fermin mamua. Hark lagundu eta babestuko ditu ibilbide beldurgarrian, eta beraz, hura janzten zen bezala janztera animatu dituzte parte hartzaileak: goitik behera zuriz, eta gerriko nahiz zapi beltzarekin. Sanferminetan bezala, alegia, baina gorri kolorea beltzagatik ordezkatuz.
Horra hor eguneko egitarau xehatua, eta jardunaldi beltza aurkezteko sortu duten bideoa:
- Hilak 31, astelehena
- 17:30. Eskulan tailerra Biteri plazan. Karetak, kalabaza apainketa eta aurpegi margoketa.
- 19:00. Pitxitxuloko mamuaren bila, Lizeo txikitik abiatuz. Ginkana beldurgarria.
- Bukaeran, akelarrea eta sobakillo afaria, Ibaiondon.