Kuba hizpide, jatorri askotariko emakumeek elkar ezagutzeko
Asteazkenean egingo dute Jabekuntza eskolako ikastaroaren lehen saioa. Arraza, kultura eta artearen fusioa izango dira hari nagusiak.
Jabekuntza eskolaren aurtengo ikastaroen aurkezpen irudia. Jatorri askotariko emakumeen gunean Kuba: afrikar diaspora izango dute hizpide datorren asteazkenean, Trintxerpeko Alkateordetzan. Aurtengo ikasturteko lehena izango da saio hori, eta 17:00etan hasiko da.
Emanbira elkarteko Olatz Amalur de los Santosek gidatuko du ikastaroa, eta aurreratu du arraza, kultura eta artearen fusioa izango direla landuko dituen hari nagusiak.
Kuba afrikar diaspora gisa aurkeztuko du Emanbidako kideak, “ikuspegi positibo batetik”. Xehetasun gehiago eman ditu: “Hasieran afrikarrentzat eta haien ondorengoentzat hauskorra eta krudela izan zen egoera hartatik sortutako aberastasunak azalduko dira”.
