Nazioarteko Trikitixa Jaialdia, Niessenen
Niessen Kultuguneak jasoko du azaroaren 5ean Euskal Herriko eta nazioarteko trikitilari berritzaileak jasoko dituen jaialdia.
Bi egunetako Nazioarteko Trikitixa Jaialdia antolatu du Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak hainbat erakunderekin elkarlanean. Azaroaren 5ean Errenteria-Oreretako Niessenek jasoko du horren barruan antolatu duten ikuskizuna, eta hurrengo egunean, 6an, Galdakaora joango da soinu txikiaren festa. Errenteria-Oreretako saiorako (18:30ean hasiko da), abian da sarreren salmenta, Internet bidez.
Ezohiko formatuan eta nazioarteko ikuspegiarekin ekarriko dute trikitia Errenteria-Oreretara Euskal Herriko Trikitixa Elkartekoek. Gainera, bi efemeride kontuan hartu dituzte jaialdia antolatzeko elkartekideek: 50 urte dira trikitilariak aurrenezkoz jaialdi baterako propio elkartu zirenetik, eta aldi berean, lehen Nazioarteko Trikitixa Jaialdia duela bi hamarkada egin zuten. “Hala, ospakizun giro honetan, trikitia berriz ere nazioarteko erakusleihoan jarriko du Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak”, adierazi dute antolatzaileek.
Ibilbide zabaleko musikariak bilduko dituzte Errenteria-Oreretako eta Galdakaoko saioetarako. Ainhoa Urretabizkaia kazetariak gidatuko ditu bi saioak. Euskal Herriko trikitilari berritzaileek parte hartuko dute (laguntzarekin) ikuskizunetan: Eneko Dorronsorok Fredi Pelaezekin osatuko du bere egitekoa; Huntzako Josune Arakistain Süne proiektuarekin ariko da, Aitor Huizi biolin jotzailea alboan duela; eta Eneritz Furyak irundarrak jendaurrean soinu txikia hartu eta bere ekarpena egingo dio jaialdiari. Horiez gain, Damien Mullane irlandarrak eta Liv Hallum-Ivan Caro bikote kataluniarrak osatuko du soinu txikiaren festa.
Partaideei buruzko informazio gehiago izateko, egin klik esteka honetan (PDF artxiboa jaitsiko da).