Gau Beltzaren magia eta irakaspenak, Lezotik mundura
2020an publikatutako Gau beltza ipuinaren ildotik, hain berezi bihurtzen ari den gauaren gaineko lanketa egiten ari da Edurne Mitxeo, ikastetxeekin elkarlanean.
2020ko urrian kaleratu zuen Edurne Mitxeok Gau beltza ipuina, haren testu eta Kepa Etxebarriaren ilustrazioekin, eta Lezoko Udalaren laguntzarekin. Magia ukituarekin, heriotzaz gogoeta eta bizitzaren aldarria egiteko lana aurkeztu zuen orduko hartan Lezoko Taloka kafetegiaren gidari denak, betiere urriaren 31ko gaualdi berezian oinarrituta, Gau Beltzaren Festa berreskuratzeko gogo biziarekin.
Izan ere, ipuina argitaratu aurretik, Gau Beltzari lotutako jaiak eginak zituen establezimenduan, eta horri segida eman, eta aldi berean haren alabekin heriotzaren gaia lantzeko ekin zion proiektuari 2019ko irailean. Ordutik, data hauetan bereziki, ilusioz ekiten dio Mitxeok Gau Beltzaren espiritua zabaltzeko lanari.
Ipuinaren osagarri, webgunea bisitatzeko aukera dute hala nahi dutenek. Egitasmoaren gaineko informazio oso-osoa dago han, baita ipuina online erosteko aukera ere (Talokan bertan, eta Errenteriako Xenpelar Kultur Dendan ere eros daiteke) . Baina ez da horretara mugatzen gau magikoaren gaineko zabalkundea. Izan ere, Mitxeo bera ikastetxeetan ari da jada pasio duenaren gainean hitz egiten, azalpenak ematen, tailer praktikoak eskaintzen, Euskal Herriko garai bateko ohitura zen horri buruzkoak esplikatzen, beti ere Gau beltza ipuinaren espirituarekin.
Azken egunetan, Irungo, Oiartzungo, Pasaiako eta Lezoko ikastetxeetan izan da Mitxeo Gau beltza-ren berri ematen, eta datorren astean, berriz, Hondarribiko Talaiara joateko intentzioa du. Ez hori bakarrik: Ameriketako Estatu Batuetako USAC unibertsitate ikasleek ere ezagutu dute Gau beltza, Euskal Herriko Unibertsitatean egonaldia egiten ari baitira horietako batzuk.