Mikel Arruti Salaberria, Lezoko EH Bilduren aukera alkategai izateko
Koalizioaren herriko mahai politikoak hilaren 13an aurkeztu zuen Arrutiren proposamena, herri batzarrean. Hautagai gehiago helarazteko epea hilaren 30era arte zabalik dute.
Lezoko EH Bilduren talde politikoak Mikel Arruti Salaberria (Lezo, 1977) proposatu du 2023ko maiatzeko udal hauteskundeetarako koalizioko zerrendaburu izateko, hau da, alkategai izateko. Dena dela, Lezoko EH Bilduren zerrendaren buruan nor joango den ez dago erabakita, oraindik proposamenak jasotzeko epea zabalik dagoelako, hilaren 30era arte. Beste proposamenik ez balego, Arruti izango litzateke behin betiko alkategaia.
Zerrendaburuaren proposamena hilaren 13an egindako herri batzarrean zabaldu zuen koalizioaren herriko mahai politikoak. Arruti lehenesteko prozesu bat egin dutela jakinarazi dute koaliziokideek.
2019ko maiatzeko udal hauteskundeetan ere EH Bilduren zerrendan lehena izan zen Arruti. Hark buru zuen hautagaitzak lortu zituen bozka gehien orduko hartan, 1.418 orotara (%46,7). Sei zinegotzi lortu zituen koalizioak. Haien atzetik bigarren izan zen EAJ, 100 boto pasara, haiek ere sei zinegotzirekin. PSE-EEk udalbatzako eserleku bat eskuratu zuen. Hala, EAJk eta PSE-EEk egindako akordioari esker, haiek ari dira gidatzen indarrean den agintaldian Lezoko Udala.