Oiartzungo Udalak hainbat langile hautaketa prozesu abiaraziko ditu
Denboran lehena lau udaltzain kontratatzeko hautaketa prozesua izango da: azaroaren aterako dira oinarriak.
Oiartzungo Udalak iragarri du datozen hilabeteetan hainbat langile hautaketa prozesu abiaraziko dituela, denboran lehena udaltzain izateko lau plaza izango direlarik. Horrez gain, behin-behinean lanean ari diren hainbat udal-funtzionariok betetzen dituzten plazak egonkortuko dituela zehaztu du udal erakundeak. Emakumeen izen ematean jarri dute azpimarra.
Lau udaltzain berri hautatzeko prozesu irekiaren deialdiaren oinarriak azaroan argitaratuko direla aurreikusi du udalak. Izen ematea abenduan zehar izango da, eta proba fisikoak 2023ko otsailerako iragarri dituzte. Bereziki udaltzainen prozesuan emakumeen presentzia berma dadila desio du udalak, eta hasierako neurri bezala, lau plazetako bat emakume batentzat izango dela jakinarazi du, indarrean dagoen legedia betez. Izan ere, egungo udaltzainen plantillan %12 dira emakume: “Udalarentzat lehentasunezkoa da alde hau gutxitzea, eginkizun hauek betetzeko eta kasu zehatzetarako, emakumeen aurkako indarkeria gertatzen denean esaterako, garrantzitsua baita laguntza eskaintzen duen udaltzaina emakumezkoa izatea”. Oposizio prozesuko epaimahaia parekidea izango da, genero ikuspegia prozesu osoaren zati izan dadin.
Udalak adierazi du urteak daramatzala Udaltzaingoaren eredu propioa lantzen, “hurbilekoa, herritarren zerbitzura dagoena eta auzotarrekin elkarlana oinarri duena, inplikatua, komunitarioa eta euskalduna”. Horregatik, EAEn udaltzain agenteak hautatzeko egiten diren prozesu orokorrak erabili beharrean, udala izango da deialdia egingo duena. Agenteentzat ezarritako izaera hori bermatzeko, udal erakundeak aurreratu du hautaketa prozesuan gaitasun fisikoek baino (‘gai’ edo ‘ez gai’ bezala baloratuko dira prozesuko parte hartzaileak), garrantzi handiagoa izango dutela “trebezia sozialek”, eta horiek elkarrizketekin eta test psikoteknikoekin baloratuko dira.
Datozen prozesuak
Udaltzaingoaren plazak betetzekoaz aparte, beste hainbat langile hautaketa prozesu abiaraziko ditu Oiartzungo Udalak. Hala, aurten bertan hainbat lanpostutarako deialdia egingo duela jakinarazi du, lau plazakoa: bi igeltsero behar dira, ur zerbitzuan aritzeko bat, eta elektrikari bat.
2023an, berriz, prozesu gehiago izango dira, udalak aurrerago emango ditu horien guztien xehetasunak. Alta, plazarik lortzen ez dutenekin lan poltsak osatuko dituztela baietsi du udal erakundeak.
Martxan jartzear diren deialdien, eta aurrerago egingo direnen informazioa, besteak beste, bere webgunearen bitartez emango du udalak.