Abian da 2023ko egutegia osatzeko argazki lehiaketa
Udalak lehiaketan parte hartzeko baldintza eta epeen berri eman du. Abenduaren 2an emango du saridunen berri.
Lezoko Udala 2023 urteko egutegia prestatzen ari da. Jesus Mari Martiarena, Lezoko alkatearen hitzetan: “Herritarrek bidalitako argazkiekin osatuko dugu aurten ere datorren urteko udal egutegia. Horretarako, herriko toki edo momentu kuttunen irudiak aurkeztu beharko dituzte. Iaz argazki asko eta oso politak jaso genituen eta ekimen polita iruditzen zaigu, urtean zehar irudi hauek gertu izango ditugulako”.
12 finalista egongo dira eta lehiakide bakoitzaren argazkia hilabete batean agertuko da. Honez gain, irabazlearen argazkia egutegiaren azalean agertuko da ere, eta 200 euroko saria jasoko du herriko komertzioetan erosketak egiteko. Erosketa horien tiketak Kultura Saileko bulegoan aurkeztu beharko dira. Alkateak herriko merkataritza sustatu asmoz hartu dutela erabaki hori azaldu du.
Argazkiek bete beharreko baldintzak
1. Argazkiak argitaragabeak eta beste lehiaketetan saritu gabeak izan behar dute.
2. Parte-hartzaile bakoitzak gehienez 5 argazki aurkeztu ahal izango ditu.
3. Argazkietan, lehenengo edo erdiko planoan, norbait azalduko balitz, pertsona horren baimen esplizitua aurkeztu beharko da, eta egileak izango du erantzukizuna edozein erreklamazioren aurrean.
4. Aurkeztutako argazki guztiak web orriko aplikazioan azalduko dira.
5 Argazkiak JPG edo PNG formatuan aurkeztu behar dira, formatu horizontalean / etzanda. Bestela, Kultura aretoan ere paperean aurkeztu daitezke.
6. Argazkiak izenburua izan beharko du hura identifikatu ahal izateko eta erreferentzia bat edukitzeko. Argazkia noizkoa den, ikusten denaren deskribapena eta kokapen zehatza jarriko balitz, hobe.
7. Ezarritako artxibo formatua, euskarria edo tamaina errespetatzen ez duten argazkiak zuzenean baztertuko dira.
Argazkiak bi lekutan entregatu ahalko dira, azaroaren 25a baino lehen:
- Lezoko Udaleko webgunean egokitutako atalean.
- Donibaneko kaleko Kultura sailean: Donibane kalea 2, 08:30etik 13:30era.
Saridunekin zuzenean jarriko da harremanetan udala, eta webgune nahiz sareetan abenduaren 2an emango du 13 finalisten berri. Egutegia, ordea, abenduaren 19tik aurrera egongo da eskuragarri.