[Erreportajea] Kanpoko eta barruko dotoretasuna, Zubitxo Korkoirekin
Piztu Lezok gazteen eta ez hain gazteen elkargune izan nahi duen egitasmo elegantea antolatu du biharko. 130 bat dira afarirako izena emanda dutenak. Ondoren, musika herria girotzeko.
Iazko Zubitxo Korkoiko irudian, Koldobike Gezala frontoiko talde argazkia. Piztu Lezo Lezoko herri giroan, euskararen erabileran, edo herritarren arteko saretzean eragiteko modu asko daude. Horietako bat Zubitxo Korkoi da. Piztu Lezoren ekimenez, bihar, elkar ezagutza eta lezoartasun euskalduna batzeko egingo dute herriguneko errekatik hasten den festa kutsuko egitasmo elegantea. Izan ere, etxeko arropa elegantearenarekin aterako dira kalera —elegantea zer den, hori norberaren esku— jarduerarekin bat egin duten 130 lezoarrak, 16 urtetik gorakoak denak, gazteak gehienak, baina beteranoen agerraldia ere dagoelarik. Beraz, elegantzia kanpokoa eta barrukoa izango da. «Elkartzea eta harremantzeko beste era bat planteatzen dugu Zubitxo Korkoirekin», adierazi dute Piztu Lezokoek.
Festaren epizentroa 21:00etan Koldobike Gezala pilotalekuan egingo den afaria da. Izena eman dutenek ez dezatela espero euren kuadrillako kideen ondoan eseriko direnik mahaietan. Antolatzaileak arduratuko dira nor non jarri erabakitzeaz. «Horrela, kuadrillak nahastuko ditugu. Horrek harreman berriak sortzea dakar, eta gainera, ikusi dugu nahasketa horrek euskararen erabileran eragina duela, askoz euskara gehiago entzuten dela». Herri giroa sortzea da hori.
Afalostean, herritarren elegantzia neurtzeko sariak emango dituzte Piztu Lezokoek. Dotoretasunaren neurgailua utzi, eta Txita Sound System-ekin kaleak girotuko dituzte ondoren, kalejiran, Martxel eta Elene disko jartzaileek.
Festa, nola ez, Zubitxo errekara korkoia botatzen —eta jasotzen— nahiz brindisa egiten hasiko dute, 19:00etan. Elegante.
