[Galeria] Eskualdeko lau ikastetxe saritu dituzte 50/50 proiektua dela-eta
Egitasmoa 2018-2019 ikasturtetik dabil martxan, energia aurrezpena eta eraginkortasuna helburu. Gaurkoan, erakunde publikotako ordezkariak ikastetxekoetakoekin bildu dira.
Gaur goizean zehar, Lezoko Tomas Garbizu musika eskolan eskualdeko lau ikastetxeri sariak eman dizkiete, 50/50 proiektuan, energia eraginkortasuna ardatz duena, lortutako emaitzengatik. Egitasmo hau 2018-2019 ikasturtean jarri zen abian, eta ura nahiz energiaren kontsumo arduratsua du helburu. Hala, eskolek ikasturtean zehar aurreztutako %50a ikastetxeetara itzultzen da, eta beste erdia udalak energia aurrezpenean inbertitu ohi du.
Hala, bertan izan dira Lezo Herri Eskolako, Pasaiako Karmengo Ama herri ikastetxeko, Oiartzungo Elizalde herri eskolako, eta Errenteriako Bizarain eskolako ordezkari eta ikasleak. Era berean, bertan izan dira, besteak beste, Jesus Mari Martiarena Lezoko alkatea, Monica Pedreira foru aldundiko Ingurumen Departamentuko zuzendaria, Ainara Lasarte Oarsoaldea Garapen Agentziako aurkezlea edo lau herritako udal ordezkariak.
Gaurko saioan 50/50 txekeak banatu dizkiete eskualdeko lau ikastetxeei. Energiari dagokionez, iraunkorra izango den etorkizuna eraikitzeko ohiturak eta portaerak ezagutu, ulertu, kontziente izan eta aldatzeko parte hartzea funtsezkoa da, ekitaldian adierazi dutenez, “egungo energia-eredua justuagoa, demokratikoagoa eta iraunkorragoa izan dadin”.
Ikastetxeetan egin dituzten ekintzak kontuan hartuta, 2.127,80 euro aurreztu dira tokian tokiko udalentzat hezkuntza zentro horietan egindako lanagatik; Pasaiako Karmengo Ama Herri Ikastetxearentzat 464,40 euro; Errenteriako Bizarain ikastolarentzat 535,60 euro; Lezoko Herri Eskolarentzat 87,90 euro; eta Oiartzungo Elizalde Herri Eskolarentzat 1.039,90 euro. “Baina interesgarriena ez da proiektu honek aurrezteko eta CO2 isurtzeko duen potentziala, baizik eta horrek dakarren esperientzia pedagogikoa, gero eta premiazkoagoa baita baliabideak zentzuz erabiltzea”, adierazi dute.