[Erreportajea] Mende bateko bizipen eta ‘batailak’ ospatzeko
Ehun urte beteko ditu Gillermo Iguaranek (Pasai Antxo, 1922) datorren asteazkenean. Barrutian jaio eta bertan mendea egingo duen lehen gizona dela uste du, eta 101ak ere bertan konplitu nahi ditu.
Betiereko bizitzarako formula zein den galdetuko baliote, erantzun sinplea emango luke, seguru aski, Gillermo Iguaranek (Pasai Antxo, 1922): ardo kopa bi, belar txupito bat, enpatxu gehiegi ez hartu gizentzea ekiditeko, eta hankak ahalik eta gehien mugitu. «Hori bai», gehituko luke ezinbestean, «ez edozein ardo, e! Erreserba, beti». Eta tira, ez da hori izango, akaso, betirako bizitzeko errezeta magikoa, baina ehun udazken zenbatzeko balio izan dio hari.
Hilaren 9an beteko du mendea, eta data berezia non ospatuko duen badaki: Donibaneko Camara jatetxean elkartuko ditu 60tik gora senide. Aitortu du, baina, San Juangoa ez zela haren lehen-lehen aukera. Aurreko kandelei Antxoko Leunda jatetxean egin izan die putz Iguaranek, eta topagune bera hautatu izan dute gertukoen urtemugak ere ospatzeko, pandemiak tradizio hori hutsera bota zuen arte. Berrogeialdia hasi zen egunean bertan izan zuten hor azken bazkaria, bilobetako baten urteak ospatzeko egindakoa. Ordutik eramateko janaria soilik prestatzen du Leundak.
Konfinamendu hura ez zen lehena izan antxotarrarentzat, Bigarren Mundu Gerraren hasierak ontziratuta harrapatu baitzuen, eta Belgikan porturatu nahi izan zutenean bertakoek ez zieten utzi lur hartzen. «Franco alemanen aldeko zela esaten zuten, eta ez ziguten haien lurra zapaltzen utzi horregatik», azaldu du. Bi hilabete eman zituzten ontzitik atera gabe.
19 urterekin itsasontziratu zen lehen aldiz —merkantziak nahiz bidaiariak eraman izan ditu—, eta portuz portu ibili zen 33 konplitu arte.
Gelako finena
Donostiako Sagrado Corazonen —Mundaiz ikastetxea— bukatu zuen batxilergoa, eta nahiz eta aitaren asmoa semeak «karrera on bat» ikas zezan zen, baliabide ekonomiko ezak bi aukera soilik utzi zizkion lau seme-alabetan zaharrena zenari: irakasle edo marinel izan.
«Jakin nuen Bilboko Eskola Nautikoan, batxilerdunei, hiru urteetako bat baliozkotzen zigutela, eta hara abiatu nintzen», kontatu du. «Interes handiarekin» ikasten zuen; 14:00etan klaseak bukatu eta liburu artean ematen zuen eguna, dioenez, gauerdira arte. Hala eman zion fruitu ahaleginak: ehundik gora ikasletik klaseko lehena izan zen graduazioan. «Dena ohorezko matrikulak nituen, bikain bat izan ezik».
Etxean, jakina, beso zabalik hartu zuten zaharrena gurasoek; aita sortzez irundarra, eta Ataungoa ama. «Guztiz bestelakoa zen Antxo orduan», egin du atzera begirakoa Iguaranek, «inguru guztia orube oso bat zen, bi altuerakoa; errepidetik [Nafarroa etorbidea] gertuen zeuden etxeak baxuago zeuden, eta besteak metro pare bat altuago».
Aitaren ‘erbestea’ eta atxiloketa
1936ko abuztuaren 2an, 1936ko gerrak eztanda egin berritan, hainbat antxotar atxilotu zituzten; geroago hartuko zuten Iguaranen aita. «Antxoko karlisten buru» zela azaldu du semeak, eta horregatik eraman zutela preso.
Horren aurretik, baina, ezkutaturik eman zuen denbora bat, eta horri buruz ere mintzatu da antxotarra: «Amatxok sinetsarazi zigun aitak Frantziara alde egin zuela», baina egia beste bat zen. Aita espero zutena baino askoz gertuago zuten: goiko solairuan.
Sendia lehen pisuan bizi zen, eta bigarrenean Alfredo izeneko gizon bat zuten. «Amak esan zion: ‘Alfredo, beldur naiz, Agustin eramango dutelakoan nago’». Ez kezkatzeko erantzun zion Alfredok, hark etxean ezkutatuko zuela.
Aita espero zutena baino askoz gertuago zuten: goiko solairuan
«Askotan galdetzen zioten amari kaletik, eta ez dut izen-abizenik esango, aita non ote zen. Frantzian jarraitzen zuela erantzuten zien hark denei», ekarri du gogora semeak. Geroz eta sarriagoak ziren atxiloketak, eta horrek bizilaguna beldurtu zuen. «Aita bigarren pisutik jaitsi zen orduan, eta kontatu ziguten dagoeneko bueltatu zela Frantziatik!».
Egun horietako batean, ama kaletik zihoala, bizilagunen batek, —«ez dut izenik emango» esaldia errepikatu du Iguaranek— amari galdetu zion, eta aita jadanik Frantziatik bueltatu zela erantzun zuen hark. Ordu gutxi pasata agertu ziren guardiak etxean gizona eramateko. «Atzo izan balitz bezala gogoan dut nola agurtu gintuen, begiak malkotan».
Ia urtebete pasata askatu zutenean, ezagutzea kosta egin zitzaiola aitortu du seme zaharrenak. 20 kilo galdu zituen.
Futbolak emandakoa
14 urtetatik 23 egin arte bi gerra bizi izan bazituen ere, orduko oroitzapen samurrak ere baditu antxotarrak. Horietan kutunenetakoak dira lagunarteko futbol partidak. «Nire ilusio handiena, txikitan, futbolari profesional izatera heltzea zen» [esan du irribarrez].
Orduko pasadizo bat kontatu du: «Errenteriakoen kontra partida bat antolatu nuen uztailaren 18 baterako, eta ez nekien egun horretan Donostiara desfilatzera deituta ginela [estatu kolpearen urteurrena ospatzeko]. Orduan, jokalari guztiak deitu nituen eta galdetu nien: ‘Ea, zer egingo dugu? Jokatu edo desfilatu?’, eta denek aho batez esan zuten: ‘Partida jokatu!’».
Desfilearen orduan beste gairik ez zen bertakoen artean: «Non dira pasaitarrak eta errenteriarrak?».
«Hurrengo egunean hortxe bildu gintuzten, alamedan [Gure Zumardia], eta esan zuten: ‘Aurrera pauso bat eman dezala desfilera ez joateko agindua eman zuenak’». Iguaranek ez zuen ezer esan, hark argi baitu ez ziola inori agindurik eman, baina bigarren aldiz eskakizuna errepikatu zenean, antxotar batek salatu zuen: «Gogoan dut Valero Lujan, zeina hemen, Antxon, udaltzainburu izandako baten semea zen. Hark esan zuen nik eman nuela desfilatzera ez joateko agindua. Nik ez nuen hori esan! Zer egingo genuen galdetu nien nik!».
Dena dela, berehala deitu zuten ileapaintzaile bat plazara, eta larru-arras moztu zioten ilea Iguarani.
Hori ikusita, Jose Mari Oiarbidek, [Leundako fundatzaile Jokin Oiarbideren osaba zena] pauso bat aurrera egin eta esan zuen: ‘Gillermori ilea moztuko badiote, niri ere moztea, hark bezainbeste erru baitut nik honetan!’. «Nik Jose Mari ezaguna nuen», mintzatu da, hunkituta, Iguaran, «baina ez ginen oso gertuko, eta orduan bihurtu ginen lagun; eta bizitzako adiskiderik onena izan dut». «Eta Valero Lujan delako horri beste inoiz ez nion agurrik egin!».
Larru-arras moztu zioten ilea Iguarani
Sutondoan
Esan bezala, bizitzaren parte handi bat ontziratuta eman zuen Iguaranek, 33ak bete arte. Adin horrekin ezagutu zuen gero bere emazte izango zen Mari Carmen Iturbe; antxotarra eta neska zaharra hura ere, eta euskaldun peto-petoa, senarrak dioenez. Biak ala biak Antxokoak izanik nolatan ez zuten aurretik elkar ezagutu azaldu du: «Alamedaren alde honetan [Nafarroa etorbidetik Gure Zumardira] bizi ginenok oso gutxitan joaten ginen beste aldera. Bertan txapel fabrika zegoen, eta beti esten zen arraro samarrak zirela inguruan bizi zirenak».
Abizen guztiak euskaldunak zituen gizon batekin soilik ezkonduko zela esaten omen zuen Iturbek, «eta nik banituen!». Erabaki garrantzizkoa hartu behar izan zuen: «Ezkontzen banintzen, orduan, nire emaztearekin egongo nintzela argi nuen, ez nintzen gehiago izango portuz portu zebilen gizon bat». Eta hala egin zuen. Itsasoa atzean utzi, aduanan aitarekin lanean hasi, eta 36 urterekin ezkondu zen. Geroago jaioko ziren euren bi seme-alabak, eta abortu bi egon ziren tartean; bigarrena ia biziaz ordaindu zuen emazteak.
Etxean, Iturbek eta seme-alabek beti euskara hutsean egin bazuten ere, Iguaranek ez du ehun urtean ikasterik lortu. Ez da izan, gainera, ahaleginik egin ez duelako, gaur egun ere egunero-egunero, esnatu bezain pronto, ikasten baitu euskara pixka bat. Muxugorri izeneko testu-liburu bat du, eta horren gainean saiatzen da euskal alfabetoarekin trebatzen, baina ingelesa, frantsesa, italiera… horiek guztiak erraz menderatzea lortu bazuen ere, euskararekin jai duela uste du antxotarrak. «Ezdeusa naiz!», dio. Baina egunero jarraitzen du, halarik ere, testu liburua estudiatzen.
Horren ondotik Gara irakurtzen du, eta ez da egun bat ere ez duena ariketa fisikorik egiten: «Triziklo moduko bat dut etxean. Hasi nintzen 100 bira egiten, baina bada denbora bat 200 egiten hasi nintzena». Osasuntsu mantentzeko beste trikimailu bat badu: gehiegi ez gizentzeko, «nahiko lukeena baino gutxiago» jaten du bazkalorduan.
Hori bai, ezin hautsizko arau zorrotz batzuk jarraitzen ditu eguerdiko otorduetan: erreserba ardo kopa bi, eta bukaerako belar-likore txupitoa. Horiek ditu erlijio bakar, mezetara joateari aspaldi utzi baitzion, saioetako batean hotza pasa zuenetik. «Ez naiz berriro bueltatuko!», eman zion hitza emazteari.
Bizio bakar bat du orain, futbol kinielak. Astero bat egiten du, baina zuhurki diseinaturiko metodoa [logika eta zaletasunaren batura] aldatzea gogoan hartzen ari da. Hilean behin erosiko ditu lehen astean behin erosten zituen txartel guztiak. «Diru berbera gastatuko dut», hausnartu du, «eta kontuan hartuta partida batean hiru emaitza posible besterik ez daudela, uste dut aukera gehiago izango ditudala horrela».
Pozarren dago urtemugara begira. «Zoriontsu bizi izan naiz, asmatu dudalako nire burua gidatzen. Eta zaindu nautelako, noski!». Uste du lehen gizona dela Antxon jaio, bizi, eta bertan hilko dena 100 urte beteta. «Eta sentitzen naizen bezain ongi, espero dut 101ak ere betetzera helduko naizela!».