Ingurumen mahaiarekin bat egiteko eskatu dio EH Bilduk portuari
Pasaiako badian portuaren jardunak duen inpaktuaz hausnartzeko batzordeari uko egin izana aurpegiratu diote bilkideek portu agintaritzari.
Bihar, hilak 5, hiru urte beteko dira Pasaiako Portu Agintaritza (PPA) badiako erakunde arteko mahaitik altxatu zela, EH Bilduk dioenez, “aurrekaririk gabeko erabakia hartuz”. Horren harira, koalizio abertzaleak Espainiako Gobernua interpelatuko du gaiari buruz azalpenak eman ditzan.
Aurrekariak
2012ko urtarrilean erakunde arteko batzorde bat eratu zen, mahai politikoa eta teknikoa zituena. Pasaiako badian portuaren jardunak eragiten dituen ingurumen-inpaktuak direla eta, hobetu beharreko alderdiak (besteak beste, ura, lurzorua, hondakinak, airea eta zarata) identifikatu, landu eta hobetzeko xedez jarduteko.
Batzorde hori badiaren inguruko hiru udalek, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak osatzen zuten. Bada, gaurko egunez, duela hiru urte, Pasaiako Portuko Agintaritzak erakunde arteko espazio horretan parte hartzeari “uko egin” ziola salatu dute bilkideei, “gainontzeko erakundeei eta herritarrei errespetua urratuz eta aurrekaririk gabeko erabakia hartuz”.
Horrez gain, Garraio Ministerioaren menpeko den Estatuko Portuak gomendatu modura eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan onartu bezala, behin baino gehiagotan eskatu zaio PPA-ri portua-hiria harremana landuko duen batzordea osatzea. Bide horretan, gaur-gaurkoz, inolako urratsik ez dela eman esan dute EH Bildutik.
Agintari politikoen ardura
PPA administrazio publikoaren parte da, eta bere zuzendaritzako kide gehienak EAJko edo PSEko kideak dira, izan Espainiar Gobernuak (PSE), Eusko Jaurlaritzak (EAJ-PSE) edota Gipuzkoako Foru Aldundiak izendatuak.
Zentzu horretan, azken hiru urte hauetan Lezoko Arraitokiren edota Trintxerpeko Ziriza eraikinaren zesioak blokeatuak egoteak arduradun politikoak dituela salatu du EH Bilduk: “Konbentzituta gaude arduradun horiek aldatzeak Portuko Agintaritzako norabidea zein portua eta hiri-ingurunearen arteko harremana aldatzea ekar ditzakeela”.
EH Bilduren erantzuna
Madrilgo Kongresuan eskakizun bat erregistratu du koalizio abertzaleak, Garraio Ministroak argitu dezan noiz itzuliko den portu agintaritza gainontzeko erakundeekin osatuta dagoen ingurumen batzordera eta noiz jarriko duen martxan, Batzar Nagusien mandatua jarraituz, portua-hiria harremana lantzeko batzordea.