Giza eskubideak jorratuko dituen jaialdi bat sortu dute
Errenteriako Udalak, OzZinemarekin elkarlanean, Errenteriako Giza Eskubideen Zinema Dokumentalaren I. Jaialdia antolatu du hilaren 21etik 26ra.
Abenduaren 10a Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna da, eta egun horren harira, Errenteriako Giza Eskubideen Zinema Dokumentalaren Jaialdia egingo da lehenengoz. Errenteriako Udaleko Kultura Aniztasunaren, Giza Eskubideen eta Garapenerako Lankidetzaren departamentuak antolatu du jaialdia, OzZinema klubaren laguntzarekin. Festibala hilaren 21etik 26ra izango da, eta gaur goizean aurkeztu dute Niessen merkataritza guneko zinemetan Jose Ramon Gurrutxaga ‘Txokolo’ Kultura Aniztasunaren, Giza Eskubideen eta Garapenerako Lankidetzaren zinegotziak, Samira Goddi Kultura Aniztasunaren, Giza Eskubideen eta Garapenerako Lankidetzaren teknikariak eta OzZinema elkarteko Jonathan Sedeñok.
Txokolok azaldu du Giza Eskubideen eta Garapenerako Lankidetzaren departamentuarentzako “apustu handia” dela horrelako jaialdi bat antolatzea eta “ilusio handia” jarri dutela proiektua gauzatu ahal izateko. “Urteak daramatzagu kultur aniztasunaren kontzientzia txertatu nahian, eta hori da gure asmoa, kontzientzi hori herrian zabaltzea”, zehaztu du zinegotziak.
Jaialdia OzZinema elkarteak zuzenduko du, eta Txokolok baietsi du, euren “filosofiari helduz”, haiekin kontaktuan jartzea ezinbestekoa zela: “Gure filosofiari helduta, gure departamentuak oso garrantzia handia ematen dio herriko eragileak proiektu ezberdinetan parte hartu ahal izateari, eta guk argi genuen OzZinema elkartearekin harremanetan jarri behar genuela gure ametsa nola gauzatuko zen ikusteko”.
Zinegotziaren hitzetan, festibala bi helburu bereizgarrirekin jaio da: bizi garen munduko bidegabekeriak salatzea eta istoriorik konprometituenak irudietan jartzera ausartzen diren zuzendarientzat sormenerako eta lanerako tranpolina izatea.
Jaialdiaren lehen ekitaldia hilaren 21etik 26ra izango da, eta egun horietan hamahiru film proiektatuko dira orotara, bost luze eta zortzi labur. Filmak Niessen merkataritza guneko zinemetan ikusi ahal izango dira 19:30ean, doan. Dena den, sarrerak aurrez hartu beharko dira zineman bertan.
Sariak
Festibalak bi sari banatuko dituela nabarmendu du OzZinema elkarteko Jonathan Sedeñok. Alde batetik, “herritarren parte hartzea” sustatzeko, bertaratzen direnek publikoaren sarian hartuko dute parte. Sari horiek, gainera, ekonomikoak izango dira.
Bestalde, hamahiru proiekzio parte hartzaileetatik bi sarituko dituzte, luze bat eta labur bat. Sari horien izenak Juanmi Gutierrez eta Ion Arretxe izango dira, Txokolok jakinarazi duen moduan “zinema sozialaren defendatzaileak” izan zirelako: “Beraien lanaren erreferente izan ziren istorioak kontatzeko eran profesionaltasunez, errespetuz eta ontasunez”. Zinegotziak gaineratu du, jaialdiaren “filosofia berriak errealitate sozialarekin konprometitutako sortzaileen etorkizunaren alde” lan egiten duela. Hori dela eta, saritutako bi proiekzioei ez zaie sari ekonomikorik emango, sari nagusia aholkularitza profesionala izango baita, film irabazlearen zuzendaritza taldeak egin nahi duen hurrengo istoriorako finantzaketa lor dezan.
Sari horiek epaimahai ofizial batek emango ditu, ikus entzunean zein giza eskubideetan adituak direnak, eta abenduaren 10ean emango dira, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean.
Zeregin didaktikoa
Lehiaketaz gain, ekintza osagarri bezala, Errenteria-Oreretako DBH 3. eta 4. mailako ikasleak proiekzio bat ikustera gonbidatuko dituztela iragarri du Sedeñok, giza eskubideei buruz hausnarketa egin dezaten. Saio horretan, gainera, dinamizatzaile profesional batek lagunduko ditu ikasle gazteak.
Jaialdiaren kartelari dagokionez, Maite Rosende diseinatzaile grafikoa festibalaren alderdi komunikatiboaren diseinuaz arduratu dela esan du Sedeñok.
Jaialdiaren inguruko informazioa Errenteriako Giza Eskubideen Zinema Dokumentalaren Jaialdiaren webgunean aurkituko dute interesdunek. Horrez gain, festibalaren inguruko informazio liburuxkak ere egongo dira eskuragarri.