Ekida arte ekimen sozialistak sortutako lana Juanba Berasategin aurkeztuko dute igandean, "eztabaidarako, kritikarako, azterketarako...".
Agirretarren bandera antzezlanak Juanba Berasategiko oholtza hartuko du datorren igandean, 19:00etan hasita. Ekida arte ekimen sozialistak sorturiko obra da, eta aurreratu dute “eztabaidarako, kritikarako eta azterketarako” lana izatea nahi dutela.
Arte politikoa mahai-gaineratzeko asmoz sortu zen Ekida, kulturaren eta artearen esparruak ikuspegi sozialistatik sortzeko asmoz. “Ez da berdina kultura eta artea”, diote, “baina ez dira elkarrengandik autonomoak”. Webgune moduan gorpuztu zen proiektua, baina hainbat proposamen artistiko ere sortu dituzte denboraren poderioz.
Koldo Izagirrek idatzi zuen Oskorrik abesten duen Agirretarren bandera kantua. Izenburu horrekin aurkeztuko dute, datorren igandean, honako istorioa, langile familia baten historia: Aitona hil da eta herentzian utzi die bilobei etxea. Bertan bizitzen hasiko dira, ametsak eta etorkizuna proiektatuz. Tartean amak azalduko dira, beste hamarkada batekoak, beste bizitza ikuspegi eta esperientzia batekin: politikoa, soziala zein kulturala.
Umore kutsu bat du antzezlanak, eta “tentsiotik ere” baduela aurreratu dute artistek. “Obran diogun moduan, hau ez da herentzia baten istorioa, ez baita edozein istorio kontatzeko duguna. Gu gara mintzo”.
Dagoeneko aurkeztu dute lana Euskal Herriko beste hainbat txokotan: Azpeitian, Urretxun, Atarrabian, Zarautzen, Idiazabalen, Bergaran, Baigorrin… eta orain Pasaian egingo dute. Sarrera librea da, eserlekuak bete arte.