Badian "uholde garrantzitsuak" izan daitezke klima aldaketagatik
Mendearen bigarren erdian urpean geldi litezke Antxo, San Pedro eta Donibaneko zati batzuk. Egoera muturrekoenean, portua urpean legoke.
Gaur goizean aurkeztu dute, udaletxean, klima aldaketak Pasaian eragindako kalteberatasunari buruzko ebaluazio txostena; eta horixe da titular nagusia: XXI. mendeak aurrera egin ahala, klima aldaketaren ondorioek eragina izango dute itsasoaren mailaren igoeran, eta uholdeak eragin ditzakete Pasaiako erdigunean.
Asmatu enpresak egin du ikerketa, Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Foru Departamentuak eskatuta; zeinari, aldi berean, Pasaiako alkate Izaskun Gomezek galdegin zion analisia egitea, azken hauteskunde programan hitza hartu baitzuen esandako datuak biltzeko.
Udalburuaz gain, aipaturiko departamentuko diputatu Rafaela Romerok eta Ingurumeneko foru diputatu Jose Ignacio Asensiok ere gaur goizeko aurkezpenean parte hartu dute.
Ikerketaren emaitzak
Pasaia badia baten inguruan eratua egoteak bereziki garrantzizkoa egiten du itsas mailaren balizko igoerak zein arrisku ekar litzakeen aurreikustea. Eta emaitzek argi utzi dute aurreikuspen horren beharra; izan ere, ondorioek adierazten dute mende honen bigarren erdian uholdeak jasateko “arrisku handia” dagoela Pasai Antxo, San Pedro eta Donibaneko zati batean. Halaber, aurreikuspenik txarrenen arabera, portua ere urpean geratuko litzateke.
Gipuzkoako Itsasoaren eta Kostaldearen Behatokiaren Focus txostenak adierazten duenez, Bizkaiko Golkoko itsasoaren batez besteko maila 1,7 eta 3,4 cm artean igotzen ari da hamarkada bakoitzean, 90. hamarkadatik. Pasaiako datuak bat datoz; izan ere, Asmaturen txostenak aurreikusten du 2100 urterako uraren maila 50 zentimetro eta 2 metro artean igo litekeela.
Asmatuko kide Miguel Garciak adierazi du 2040rako hasiko liratekeela pasaitarrak ur mailaren igoerak euren bizitokietan izango dituen ondorioak beren begiz ikusten. Ondorio horietara iristeko, azterlanak hainbat faktore hartu ditu kontuan: uraren tenperatura, olatuen aldaketa edo gizakiak ibai eta itsas ertzetan duen eragina.
Soluzioa: uratea
Aipaturiko egoera ekiditeko, gizakiak ingurumenean duen inpaktu bortitza gutxitzeaz gain, erantzun fisikoa ere beharko litzatekeela azaldu du Garciak. Zentzu horretan, zenbait proposamen jaso ditu txostenak, eta horietako batzuk azaldu dituzte gaur.
Soluzioetako bat horma perimetral bat eraikitzea litzateke, funtzio bikoitzarekin: ura Pasai Antxon ez sartzea eta Molinao errekastoa bideratzea. Portuaren barneko eremua eta aldameneko herriak babesteko 10 kilometroko horma bat eraiki beharko litzateke, perimetroko babes dikeekin.
Neurri zuzentzaileen artean hobetsi dena, baina, beste bat da: urate edo esklusa bat eraikitzea [irudian, gorriz]. Badiaren sarbidean ‘ate’ moduko bat jarriko litzateke, portuaren barnealdeko ur maila erregulatzeko. Konpartimentu antzeko bat sortuko luke esklusak bokalean, sartuko liratekeen itsasontzien ur maila beheratu —itsaso zabalekoarekiko— eta badiakora egokitzeko.
Aukera hori bideragarria litzateke Pasaiako badiaren ezaugarri bereziengatik, ez baitu aukera ematen, egun ere, maniobra bakoitzean ontzi bat baino gehiago sartzeko edo irteteko.
Azpiegitura ezartzeko aurrelanak noiz hasiko liratekeen galdetuta, Asensiok azaldu du oraindik ezin zehatz daitekeela datarik, eta udala dela obra bultzatu behar duena. Alkateak aurreratu du pausoak ematen hasia dela: “Arau Subsidiarioak berrikusten ari gara aurreikusitako arriskuari aurre hartzeko aukera emango diguten neurriak ezartzeko”.