Gaztaina usainak Antxo hartuko du berriro, aspaldiko partez
Papineko Gazteriak Gaztain Eguna antolatu du, "garai bateko tradizioa berriro herrira ekartzeko". Hilaren 26an, larunbatarekin, izango da.
Hilaren 26an, larunbatarekin, Gaztain Eguna ospatuko dute Pasai Antxon, Papineko Gazteria taldeak antolatuta. Mendi txangoa, herri bazkaria, pilota festa eta musika prestatu dituzte, gaztaina kukurutxoa eskutan, egunaz gozatzeko.
Goizean goiz jarriko dira martxan antxotarrak, 10:00etan Ibaiondo kantinaren kanpoaldean elkartuko baitira, haur, gazte eta ez hain gazteak. Bertatik mendi txangoa abiatuko dute San Markora, gaztaina bila. Gogoratu dute nork bere saskia eraman beharko duela horiek jasotzeko.
Bidean behera egin ondoren, “Antxoko pala final handia” izenpean aurkeztu duten lehia izango da pilotaleku berrian. Helduen pala txapelketako irabazle Virgilio eta Telleria buruz buru arituko dira Papineko pala txapelketako irabazle Famo eta Gaitonen kontra. Sarrera librea izango da Ibaiondo frontoira.
14:30ean bertso bazkari herrikoia egingo dute Biteri plazan —karpa jarriko du udalak bertan—. Antolatzaileek ohartarazi dute “adin guztientzat” dela bazkaria, eta honakoa menua: Antxoko sukaldariek egindako paella, edaria (ura, sagardoa eta ardo zuri edo beltza), postrea eta kopa (patxarana eta belar likorea), 12 eurotan. Tiketak dagoeneko eros daitezke Dani, Kamio, Ibaiondo eta Izadi tabernetan. Bertsolari gonbidatuak Haritz Casabal Pikabea eta Emaitz Murua Arzallus izango dira.
Hitzordu handia 17:30ean izango dute antxotarrek: pilota partida profesionala, Ibaiondon. Xala eta Azanza Santxo eta Alduntzinen kontra arituko dira. Horretarako bai, sarrerak erosi beharko dira, 5 eurotan —saski bat zozkatuko da erosleen artean—, pala partidan bitartean edota pilota hasi baino apur bat lehenago, frontoian bertan. Pilota festak —pala partidak nahiz profesionalen pilotak— epaile gonbidatu izango du Edurne Jauregi antxotarra.
Egunari bukaera borobila emateko, gaztaina erretzea 18:30ean, eta Bide Batez Triki Taldearen erromeria, 22:30ean. Biak ala biak, dohainik, Biteriko karpan.
Horra hor egitaraua, hitz gutxitan:
- 10:00. Gaztain bilketa Ibaiondotik San Markora.
- 12:30. Antxoko pala final handia. Helduen pala txapelketako irabazleak (Virgilio – Telleria), vs Papineko irabazleak (Famo – Gaiton). Ibaiondo frontoian.
- 14:30. Bertso bazkari herrikoia (adin guztientzat). Tiketak Dani, Kamio, Ibaiondo eta Izadi tabernetan (12 euro). Bertsolariak, Haritz Casabal Pikabea eta Emaitz Murua Arzallus.
- 17:30. Pilota partida profesionala, Ibaiondo frontoian.
- 18:30. Gaztaina erretzea karpan (Biteri plazan), dohainik.
- 22:30. Bide Batez Triki taldearen eskutik, erromeria.
- Oharra: Pilota partidarako sarrerak 5 euroan erosi ahalko dira pala txapelketa bitartean edo 17:00etatik aurrera Ibaiondon bertan. Aurresalmenta ere egingo du Papinek, baina oraindik ez dute xehetasunik eman. Erosleen artean saski bat zozkatuko da.