Hemen da Trintxerpeko Euskararen Egunaren egitaraua
Trintxerpetarrek Euskararen Eguna ospatuko dute abenduaren 3an, larunbatarekin. Egun osoko egitaraua prestatu dute Korkoiburuek.
Trintxerpeko Korrika Jaiko artxiboko irudia. [Argazkia: Korkoiburuak]. Trintxerpeko Korkoiburuek aurkeztu dute abenduaren 3an Euskararen Eguna ospatzeko prestatu duten egitaraua. Oraindik sorpresaren baten berri eman behar badute ere, egun osoko egitaraua badute, eta jendaurrean jarri dute jada.
12:00etan haurren tailer eta jolasak izango dira Gudari plazan —karpa muntatuko dute bertan eguna ospatzeko—, eta Muxikoen emanaldiak girotuko du ingurua.
Ordubete beranduago ekingo diote kantu-poteoari, eta ibilbidea diseinatu dute horretarako: Gudari plazatik abiatuta, Euskadi etorbidea, Azkuene eta Serafin Esnaola zeharkatuko dituzte, berriro abiapuntura bueltatzeko. Bertako karpan izango da bertso bazkaria 14:30ean; bertsolariak zeintzuk izango diren ez dute esan oraindik.
Eguna iluntzen hasten denerako, Zinema Txikia izango da Alkateordetzan gazteenentzat, Pikatxuren abenturak filmarekin, 17:30etik aurrera. 18:00etan hasiko da Iratzar erromeria karpan emanaldia eskaintzen, eta bukatzeko, 22:00etan, Guatekea izango dute gozagarri trintxerpetarrek. Horra hor detaileak:
- 12:00. Haurren tailerrak eta jolasak. Gudari plaza.
- 12:00. Muxikoak. Gudari plaza.
- 13:00. Kantu-poteoa. Gudari plaza, Euskadi Etorbidea, Azkuene, Serafin Esnaola, Gudari plaza.
- 14:30. Bertso bazkaria. Karpa.
- 17:30. Zinema txikia. Alkateordetza. Pikatxuren abenturak.
- 18:00. Iratzar erromeria. Karpa.
- 22:00. Guatekea! Karpa.
- Oharra: bazkarirako tiketak Maite tabernan eros daitezke. Helduen menuak 20 euro balio ditu, eta haurrenak, 11.
