Mikel Izagirre oroitzeko, pilota egokituko nazioarteko txapelketa
Errenteria-Orereta eta Usurbil artean egingo dute txapelketa, Euskal Herriko eta Valentziako kirolariekin.
Asteburu honetan I. Mikel Izagirre Euskal Pilota Egokituko Nazioarteko Txapelketa egingo dute Errenteria-Oreretako Agustina Otaola pilotalekuan, eta Usurbilgo frontoian, Mindara eta Pagazpe elkarteek antolatuta. Euskal Herriko eta Valentziako pilotariek parte hartuko dute, hemeretzik denera. Errenteriako nahiz Usurbilgo udalen, nahiz Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioaren babesa du iniziatibak.
Larunbatean sailkapen partidak egingo dituzte herriko Agustina Otaolan, 10:00etatik 10:30era goizeko txandan, eta 16:30etik 18:00etara arratsaldekoan. Tartean, bazkaltzeko aukera izango dute partaideek, eta 18:00etan, berriz, Raspall erakustaldia egingo dute Valentziako pilotariek.
Igandean, Usurbilera mugituko dute Mikel Izagirreren omenezkoa. Han, 10:30etik 12:00etara finalerdietako partidak jokatuko dituzte, eta 13:00etatik aurrera izango dira finalak. Tartean, 12:15ean, euskal pilotako erakustaldia egingo dute dibertsitate funtzionala duten kirolariek. 14:00etan egingo dute bazakaria.