Borroka luzea bukatu da; etxez etxeko langileek badute hitzarmena
Pasaiako Etxez Etxeko Zerbitzuko langileek hitzarmen bat adostu dute Eulen enpresa kontratatzailearekin. Martxoan hasi zuten borrokaldia.
Martxoan atera ziren estreinakoz kalera Pasaiako Etxez Etxeko Zerbitzuko Langileak, eta ordutik ez dute etsi. Maiatzaren bukaeran greba mugagabeari ekin zioten hitzarmen duin eta propioa aldarrikatzeko, eta bukatu berri da zortzi hilabete luze iraun dituen borrokaldia, eta urte erdiko lanuztea; badute hitzarmena.
Manifestazio zaratatsuak, kontzentrazioak, kanpatzek, udalbatzarretan hitzartzeak… denetarik egin dute emakume langile horiek.”Bide gogor, astun eta luzea izan da”, aitortu dute, “baina lortu dugu!”. Joan den ostiralarekin hitzartu zuten akordioa.
Langile horien zati baten ordezkari den LAB sindikatuak oharra bidali du hedabideetara, emakume pasaitarren borroka eredugarria goraipatzeko: “Langile hauek zoriondu nahi ditugu erakutsi duten ausardia eta kemenagatik”. Langileen aldeko erakundeak onartu du aldarrikapen guztiak ez dituela jaso hitzarmenak, baina pauso handia dela paktua “bereziki feminizatu eta prekarizatua” den sektorearentzat.