Haurren pobreziaren kontrako elkargunean nahi du herria PSE-EEk
Lezok, Espainiako Gobernuaren 'Alianza País pobreza infantil cero' egitasmoarekin bat egin dezala nahi dute sozialistek.
Lezoko PSE-EEk mozioa aurkeztu du, Lezo Espainiako Gobernuak sustatzen duen Alianza País pobreza infantil cero egitasmora atxiki dadin. Azaroko plenoan aztertuko dute Lezoko zinegotziek sozialisten eskaera. Izan ere, atzo izan zen Haurren Nazioarteko Eguna, eta horren harira egin dute eskaera.
Udalbatzarrak mozioa onartuko balu, sozialisten eledun Joxean Sanchezek zehaztu du udalak urrats esanguratsuak egingo lituzkeela haurren eskubideen oinarrizko defentsan, betiere Nazio Batuen Erakundearen irizpideekin bat eginez, eta Agenda 2030 eta Ingurumen Garapen Iraunkorreko helburuekin jarraituz.
Herrira begira ere jarri da Sanchez. Adierazi du haurren eskubideen defentsan hainbat alorretatik ari dela lanean udala, tartean direlarik familietan esku-hartzeko programa, kale-hezitzaileak, edo haur eta familien prebentziorako sarea. “Hala ere, gehiago eragiten jarraitu behar dugu ezberdintasunekin bukatzen eta inklusio soziala sustatzen, batez ere egoera zaurgarrian dauden haur eta nerabeekin. Aliantza horrekin bat egitean, zeregin horiei eustea errazagoa izango da”.
Datu bat eman du Sanchezek. Bizkai, Araba eta Gipuzkoan 14 urtetik beherakoen artean %13,7 mantenu pobrezia egoeran da, “hau da, haien familiek ez dute diru sarrera nahiko haur horien oinarrizko beharrei aurre egiteko”.
Eledun sozialistak zehaztu du, Lezok aliantza horrekin bat egingo balu, Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako bigarren udalerria izango litzatekeela hango kide izaten, berriki Andoainek ere bat egin baitu Espainiako Gobernuaren iniziatibarekin; Espainiako Estatuan hamaika dira orotara aliantzako kide diren herriak.