[Galeria] Xoxolurren Arigunea, udazken koloreekin gozatzen
Lezoko Xoxolur Mendi Klubekoek txangoa egin zuten atzo, Baztanen. Eguraldia, eskasa izanda ere, aldeko izan zuten.
Lezoko Xoxolur Mendi Klubak sasoiko bigarren irteera egin zuen atzo (hilak 20, igandea) Baztan aldera (Nafarroa). Ibilbide zirkularra egin zuten Elizondon hasi eta bukatuta, 11 kilometrokoa.
Eguraldi makurra, kontrakoa baino, aldekoa izan zuten. Izan ere, udazkeneko kolore eta usain biziekin gozatu ahal izan zuten txangoarekin bat egin zuten 31 kideek. Bidea egindakoan, ohitura duten legez, Elizondoko frontoian bazkaldu zuten, eta ondoren iritsi ziren pilotan, futbolean edo besterik gabe, jolasean aritzeko aukerak.
Aritu hitzaren aldaera askori eutsi zioten, gainera, Xoxolurkideek. Izan ere, Euskaraldiaren aro bete-betean izanda, euskaraz lasai eta natural aritzeko aukera izan zuten, beti bezala, partaideek. Arigune da izatean eta praktikan Xoxolur, Euskaraldian eta beti.
Jarraian, Xoxolurrekoei esker, atzoko hainbat irudi: