San Pedroko historia, tokien izenetatik abiatuta
Angel Elortegi Bilbao sanpedrotarrak herriaren historiari errepasoa egiteko barrutiko tokien izenak izango ditu mintzagai.
Angel Elortegi Bilbao sanpedrotarrak, San Pedroko historiari errepasoa egingo dio, bertako tokien izenetan arreta jarriz. Pasai San Pedroren historiari begirada bat bertako leku izenetatik izenburupean, bi hitzaldi egingo ditu. Lehena, euskarazkoa, hilaren 22an da (asteartea); bestea, gaztelaniazkoa, hilaren 24an. Biak ala biak 19:30ean hasiko dira, lonja berrian.
Elortegik 1992an argitaratu zuen Pasaiako toponimia ikerketa lana. Horretan oinarrituta mamitu ditu bi hitzaldiak. Hala, San Pedroko historian zehar ibilbidea egingo du, eliza zaharraren eraikuntzaren garaitik aurrera: padurak, senadiak, etxeak, baserriak, mendiak, euskara eta gaskoi hizkuntzak, leku izenak (Salbio, Zamatete, Kalparra…) eta gisako gaiak izango ditu ardatz sanpedrotarrak solasaldietan.
“Toponimo edo leku-izen horietako asko memoria kolektiboan lurrari atxikita egon dira, eta hainbat mende eta belaunalditan zehar bizirik iraun dute. Gure arbasoen bizimoduaz hitz egiten diguten iraganeko aztarnak dira, baina, era berean, errealitate bizia, eta gaur egun gurekin dauden hitzak”, azaldu du Elortegik.