Gaur hasiko da Lezoko Poesia Kaia
Lierni Azkargortaren eta Nerea Arrienen saioarekin hasiko da kultur jarduera. Beste bi hitzorduak hilaren 25ean eta 27an izango dira.
Gaur hasiko da Lezoko Poesia Kaia egitasmoaren bigarren ekitaldia. Herritarrengana poesia hurbilarazteko iniziatiba da Lezoko Udaleko Kultura Sailak diseinatu duena, lehen ekitaldiaren harrera onaren jarraipen modura. Gaurko lehen saioaren ondoren, hilaren 25eko eta 27ko jarduerek osatuko dute egitaraua. Emanaldi guztiak doan dira.
Gaur, 19:30ean eta Gezala Auditoriumaren berotasunean, Lierni Azkargorta lazkaorrak eta Nerea Arrien lekeitiarrak poesia emanaldia eskainiko dute. Biak ala biak poesia lan asko argitaratutakoak dira, eta gainera, hainbat sari lortutakoak dira aldi berean.
Hilaren 25ean (ostiralean), berriz, Gurutze Santuaren basilika izango du agertoki Poesia Kaiak. Puy Barral olerkari donostiarrak errezitaldia egingo du, Manu Gaigne musikariaren laguntzarekin. 19:30ean hasiko da ekitaldi hori
Poesia Kaia ixteko, igandean (hilak 27), Gurutze Santuaren basilikan bilduko dira berriz ere olerkien zaleak. Oraingo honetan Joan Navarrok eta Manel Rodriguez-Castellok jarriko dituzte olerkiak, alboan Itsasne Fernandez eta Jon Makuso (Lezo) musikariak izango dituztelarik.