Oinatz Alonsoren bigarren garaipena Pasaia Kayakentzat
Gipuzkoako Eskola Kiroleko piraguismoko bi saiotik bi irabazi ditu klub urdineko palistak. Bigarren izan da Pasaia Kayak talde sailkapenean.
Igande goizean lehiatu zen Trintxerpeko dartsenan Gipuzkoako Eskola Kiroleko piraguismoko bigarren saioa, irailean Irunen jokatutako lehenengoaren ondoren. Ohi bezala, proba irekia izan zen, eta Nafarroatik etorritako hainbat kirolarik ere parte hartu zuten. Bizkaitarrek eta arabarrek ez zuten bertaratzerik izan.
Eguraldi euritsuak lagundu ez bazuen ere, probak normaltasunez jokatu ahal izan ziren eta, prestatzaileen arabera, “oso giro onarekin, gainera”. Hainbat kirolari, zale eta jarraitzaile bildu baitziren Kantileko kaian bereziki, helmuga inguruan.
Oinatz Alonso zen pasaitarrek garaipena lortzeko zuten aukerarik garbiena, eta pronostikoak bete zituen, Irunen, proba horren lehen jardunaldian lortutako garaipena berretsiz. Hasiera-hasieratik atera zituen lehiakideak bere uberatik, bakarkako lana burutu zuen ordutik aurrera, minutu eta 26 segundoko errenta ateraz Donostia Kayakeko Xabier Onari eta 7 segundo gehiago Iruñea Piraguismo taldeko Aimar Archancori, podiuma osatuz.
Horrekin batera, beste hainbat postu aipagarri lortu zituzten pasaitarrek: kimuekin hasita, Aitana Etxezortu hirugarrena izan zen A kategorian, eta oso maila txukuna eman zuen maila horretan Iker Barbierrek ere mutilen artean. Haurren kategorian, aipatzekoak bereziki Laura Entenzaren eta Ekai Iraetaren lana nesken artean (bosgarren eta hamargarren, Haurrak B eta Haurrak A kategorietan, hurrenez hurren), eta Iraitz Izagirrerena mutilen artean (seigarrena Haurrak A kategorian).
Postuak postu, klubeko arduradunak pozik agertu dira gainerako taldekideek oro har egindako lanarekin, eta horren adierazgarri izen zen taldekako sailkapenean bigarren postua lortu izana, Santiagotarrak taldearen atzetik eta Zumaiako Itxas-Gain taldea 10 puntuko aldearekin gaindituta. Orain, udazkeneko hirugarren eta azken proba prestatuko dute urdinek. Datorren larunbatean, Zumaian izango da.