Platako farora doan bidea konpontzeko lanak lizitatu dituzte
Portuak eta udalak orain dela urtebete jazotako luiziek eragindako kalteak konpontzeko obrak lizitatu dituzte. 2023an hasiko dira lanean.
Iazko abenduan izandako euriteek zenbait luizi eta zuhaitz-erortze eragin zituzten. Kalteetako batzuk egun horietan konpondu bazituzten ere, Platako farora bidea ez zegoen garbi ezta arriskuz kanpo ere. Horregatik, bidearen arduradun diren bi aginte organoek egonkortze lanak egiteko obrak lizitatu dituzte eta 2023an ekingo diete horiei.
Pasaiako Portu Agintaritzak eta Pasaiako Udalak itsasargira doan errepideko kalteak konpontzeko eta etorkizuneko balizko luiziak saihesteko lanak lizitatu dituzte. Portuak 70.000 euro inguru inbertituko ditu, eta udalak 326.300 euro baino gehiago. Lehenari dagokion jarduketa eremua errepidearen behealdekoa da, eta udalak, berriz, beregain hartuko ditu iazko abenduan izandako bigarren luiziaren obrak, ezponda errepidera erortzea eragin zuena.
Jarduketek bi hilabeteko epea izango dute lehen erakundearen tarterako, eta hamar astekoa udalari dagokion zonalderako. Horiek denak 2023an abiatuko dira.
Bi proiektuek laguntza-txosten geotekniko bat ere jasotzen dute, lur-jausien jatorria eta kausak aztertzeko eta halako gehiago gerta dadin saihesteko.