Kirolaren Galan saritzeko herriko hautagai bila ari dira
Zabalik da Pasaiako Kirolaren Galarako hautagaitzak aurkezteko epea. Sarituei 2022 ikasturteko kirol merezimenduak aitortuko dizkie udalak.
Aurten ere, Pasaiako Kirolaren Galarekin, aitortza egingo die Pasaiako Udalak, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Sailaren bitartez, herriko kirol talde eta kideei, edota banaka “toki mailan aitortza merezi duten guztiei, aurtengo ikasturteko jarduketen garrantziagatik”.
2022 ikasturteko kirol merezimenduak biltzen hasia da, jada, udala. Horretarako hautagaiak behar dituzte, eta proposamenak aurkezteko epea zabalik da. Urtarrilean aurreikusten dute sari-banaketa eta aitortza ekitaldia egitea, “orain arte ez bezalako formatu batean”. Helburu nagusia da publikoki sarituen ahalegina, dedikazioa eta eskaintza aitortzea.
Hautagaiak
Hautagaiak 2022an izan dituzten kirol merituengatik nabarmenduko dira. Urtean zehar Pasaian egiteko nabarmena garatu duten edo lurraldeko, Estatuko edo nazioarteko txapelketetan Pasaiaren izena babestu eta postu nabarmena lortu duten kirolariak, klubetako staff teknikoak edo kirol klubak izan litezke sarituak.
Adibide gisa, ondokoak aipatu dituzte: banakako kirolaririk onenaren edo talderik onenaren saria; errebelazio kirolariaren edo kirolari beteranoaren saria; joko garbiaren saria, edota berdintasunaren aldeko kirola sustatzeagatiko saria.
Proposamenak nola aurkeztu jakiteko edo informazio gehiago eskuratzeko, sartu udalaren webgunean.