Lezoko kaira ontzi handiagoak iristeko lanak egingo ditu Portuak
Lanak egin aurretik, itsas-zoruaren gaineko azterketa egingo du Aztik. Lezon, sakonera eta maniobra-eremua handitu nahi dituzte.
Pasaiako Portu Agintaritzaren (PPA) asmoa da 2024-2027 urteen artean Lezoko kairako ur sarbidea hobetzea, hara ontzi handiagoek iristeko aukera izan dezaten. Aldi berean, Buenavistako eremuan ere egingo lituzkete lanak. Osotara, 23 milioi euroko inbertsioa egingo dute kanalaren sakoneran eragiteko helburua duten lan horietan.
Lanak egin aurretik, dragatu beharreko itsas-zoruaren azterketa egin behar da. Lan horiek lehiaketa bidez Aztiri esleitu dizkiotela jakinarazi du PPAk. Azterketak egin ondoren, dragatze lanak egiteko txostenak izapidetuko ditu portuak. Aztiren ikerlanetan oinarrituta, ingurumen arloko tramitazioa egin ahal izango da, eta dragatutako materialak non utzi ere erabakiko dute, “betiere dragatzeari eta lurzoruaren kalitateari buruz indarrean diren arauekin bat etorriz”, adierazi du PPAko zuzendari David Candelariok.
Candelariok Lezoko kaian egin beharreko lanen gaineko informazio gehiago eman du. “Lezoko dartsenaren egungo konfigurazioak bertan lan egiten duten itsasontzien luzera mugatzen du, baina konfigurazio berriarekin sakonera eta maniobra-eremua handituko dira. Horri esker, Lezoko dartsenan eta Kaputxinoetako kaian hobeto lan egin ahal izango da, portuko eremu horrek ahalmen operatibo handiagoa izan dezan”.