Etxeetako obra txikien izapideak azkartzeko araua onartu du udalak
"Ordenantza espres" berriari esker, ez da lizentziarik eskatu beharko egitura ukitzea edo hodiak aldatzea ez dakarten lanetarako.
Pasaiako udalbatzak aho batez onartu zuen atzoko hileroko plenoan “lizentzia espres” izenarekin aurkeztu duten arau berria. Herritarrek euren etxebizitzetan egin nahi dituzten obra txikien itxaronaldiak azkartuko dira horrela, lehen lizentzia bat eskuratu behar baitzuten lan horiek egin ahal izateko.
Ordenantza berriaren bidez lizentzia eskatzeko izapidea desagertuko da egitura ukitzea edo hodiak aldatzea ez dakarten obra guztietarako. “Horrela, eskaera aurkeztean, sarrera zigilatu ondoren, komunikatutzat jotzen da eta, beraz, obrak has daitezke”, azaldu du Hirigintza zinegotzi Loreto Osak “hala, gaur egun dauden itxaronaldiak desagertuko dira”.
Neurria jendaurrean jarri ondoren, herritarrek hilabeteko epea izango dute egoki iritzitako ekarpenak egiteko, eta 2023aren hasieran onartuko da behin betiko. Ordenantza berriak honako obra txiki hauek barnebiltzen ditu, besteak beste: barruko espazioen banaketak, ur- eta gas-kanalizazioei edo kanpoko fatxadei eragiten ez dieten lanak; lokalak barrutik eraberritzeko obrak; edota kanpoko ateak eta leihoak ordezkatzea (aurreko elementuen ezaugarri guztiak errespetatuz).
Izapide horri ezin izango diote heldu katalogatutako edo inbentariatutako eraikinetan, lurzoru urbanizaezinean kokatutako eraikinetan eta antolamenduz kanpo dauden eraikinetan egindako obrek. Zurezko egitura duten eraikinen kasuan, eskatzaileak teknikari eskudunaren txosten bat aurkeztu beharko du eskaerarekin batera, jarduketak egituraren segurtasunari kalterik egingo ez diola egiaztatzeko.