Hezkuntza Legearen kontrako greba, gaur, sare publikoan
Unibertsitate arteko sare osoan deitu dute greba ELA, LAB eta Steilas sindikatuek. Abenduaren 14an bigarren greba eguna izango dute.
ELA, LAB eta Steilas sindikatuek deituta, Bizkai, Araba eta Gipuzkoako ikastetxe publikoetako langileek greba egingo dute gaur. Deitu dituzten bi greba egunetatik lehena da. bigarrena abenduaren 14an da. Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako Hezkuntza Lege berriaren kontra protesta eguna dute gaurkoa, eta haur eskoletatik hasita, unibertsitate arteko esparru guztian ari diren ikastetxeetan deitu dute
ELAk, LABek eta Steilas sindikatu deitzaileek (sektorean gehiengoa dute) eskola “publikoa, euskalduna eta propioa” defendatzen dute, eta aurkeztutako lege-aurreproiektua baztertzen dute, haren edukiak “egungo hezkuntza-eredu duala gainditu beharrean, iraunarazi egiten duelako”.
Sindikatuek gaur emandako datuen arabera, ikastetxeetako langileen %60k bat egin du deialdiarekin. Mobilizazioak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hiriburuetan egingo dituzte langileek eta hala nahi dutenek. Bilbon 11:30ean da egitekoa manifestazio nagusia, eta arratsaldean ere egingo dituzte martxak Gasteiz, Bilbon eta Donostian. Gipuzkoako hiriburukoa 18:00etan hasiko da, Alderdi Ederretik.