Euskaraldia bukatzeko, ekitaldia eta afaria Lezon
Ostiralean, 19:00etan hasiko da, plazan, Euskaraldiari azken bultzada emateko ekitaldia. 21:00etan, afaria Ibai Ondon.
Ostiralean bukatuko da hirugarren Euskaraldia, Hitzez ekiteko garaia lelopean garatzen ari dena. Azken txanpa indartzeko, beraz, are gehiago euskaraz hitz egiteko, Lezoko Euskaraldiaren batzordeak jai betea antolatu du ostiralerako.
Lehenik eta behin, Gurutze Santuaren plazan bilduko dira, agur ekitaldia egiteko. Bertan, dantzan trebe eta oso iaio ez direnek, Euskaraldiaren koreografia dantzatzeko aukera izanen dute.
21:00etan, berriz, afaltzera bilduko dira, Ibai Ondon; afarirako tiketak eskuratzeko azken eguna da gaurkoa (asteazkena), eta antolakuntzan dabiltzanek oroitarazi dute sarrerak Tiñelun eta Oroitzene AEKn eros daitezkeela, 20 euroan.
Ekitaldiaren eta afariaren tartean, izango da lasai asko tragoska hartzeko aukera.