Ostiralean, Oarsoarrak Euskararen Sariak emateko ekitaldia, Donibanen
19:00etan da ekitaldia, Pasai Donibaneko Juanba Berasategi aretoan. Xixilio Maritxalarrek eta Zuberoa jatetxeak jasoko dituzte aitortzak.
Ostiralean, (abenduak 2), 2022ko Euskaraldiaren azken egunean eta Euskararen Egunaren bezperan, Oarsoaldeko Euskara Batzordeak (eskualdeko lau udalek dute ordezkaritza han) 2022ko Oarsoarrak Euskara Sariak emango ditu. Ekitaldia 19:00etan hasiko da, Pasai Donibaneko Juanba Berasategi aretoan. Sarrera libre da, edonor joan daiteke: Oarsoaldeko Euskara Batzordeak eskualdeko herritarrei gonbita luzatu die, hara joan daitezen. Aurtengo saridunak norbanakoen arloan Xixilio Maritxalar Labandibar euskaltzale oreretara izango da, eta kolektiboen sailean Zuberoa jatetxeari dagokio saria.
Ekitaldi irekia da, doan, beraz, edonork du aukera aitortza ekitaldian izateko. Gainera, eskualdeko agintari politikoen, Oarsoaldea Garapen Agentziako kideen, nahiz Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkarien presentzia izango du sari emate jarduerak. Eta gehiago ere bai: Errenteria-Oreretako Xenpelar Bertso Eskolako ikasleak, Oiartzungo Olarri dantza taldeko dantzariak, Pasaiako Badia Antzerki Eskolako aktoreek, eta Alaia Belauntzaran harpa jotzaileak ere girotuko dute kultur kutsu nabarmena izango duen ekitaldia.
Horiek denak gidatzen Naroa Iturri eta Arrate Hernandez kazetariak izango dira, haiek izango dira aurkezleak.