Inoizko aurrekonturik handiena onartu du udalak, EH Bildu gabe
Koalizio abertzaleak uste du PSE-EE eta EAJk, Podemosen babesarekin, aurkezturiko inbertsio proposamena "ez dela nahikoa".
Atzoko osoko bilkuran onartu zuten, 2023rako, Pasaiak inoiz izan duen aurrekonturik handiena. Udal gobernuaren proiektuak (PSE-EE eta EAJ) Podemosen babesa izan du, talde morearen zenbait emendakin bere egin dituenez gero. EH Bildu izan da aurkako bozka eman duen talde bakarra, indar nagusiaren proposamenik ez duelarik barne hartu aurrekontuak.
Aurkezturiko aurrekontu proiektuaren proposamena 25.758.190 eurokoa izan da, aurtengoa baino %16 handiagoa, eta alkateak nabarmendu duenez, “Pasaiaren historiako handiena”. Izaskun Gomezek zantzu nagusien berri eman du: “Errekurtso gehiago bideratuko ditugu oinarrizko gizarte zerbitzu eta laguntza sozialetara; aurrekontu osoaren %64”. Hots, 3 eurotik 2 bideratuko dira gizarte zerbitzu eta laguntza horietara.
Legegintzaldiaren azken aurrekontuak beregain hartu dituen zenbait inbertsio ere aipatu ditu Gomezek: ludoteken birgaitzea, San Pedroko gimnasioaren egokitzapena, Trintxerpeko futbol zelaiaren led argiztapena… Horien zenbatekoa, orotara, 973.980 eurokoa izango da, nahiz eta udalburuak aurreikusi duen inbertsioa zifra horretatik gorakoa izango dela urtea bukatzerako; aurtengo adibidea, horren erakusle: 2022rako aurreikusitako inbertsioa ia laukoiztu egin da urtean zehar.
Udaleko diru-kutxa osoko ekarpen handiena aldundiarena da: aurreikuspena da 13 milioi euro helduko direla organo horretatik Pasaiara. Bukatzeko, udalburuak ez du aipatu gabe utzi nahi izan “proiektu handia”: Andonaegiko berroneratze plana. Trintxerpeko zonaldea eraberritzeko 8 milioi bideratuko dira orotara: 2 milioi inguru 2023an, eta gainontzekoa 2024ean.
PSE-EE, EAJ eta Podemos, bat eginda
Pasaitarren eleduna esker onez zuzendu zaie Ahal Dugu-Podemos udal taldeko bi ordezkariei, euren abstentzioaren bidez aurrekontu proposamenari erakutsiriko babesagatik. Bide beretik hasi du mintzaldia Loreto Osak jeltzaleen izenean: “Mila esker Podemosi negoziatzeko jarrera onagatik eta herritarren interesak eurenen gain jarri izanagatik”.
EAJ-ko bozeramaileak “izaera sozial nabarmena” duen aurrekontua prestatu dutela baieztatu du, herritarren arteko arrakalak murrizteko helburua duena, eta handinahikeriarik gabekoa: “Denok ezagutzen ditugun mugekin, baina aurrekontu zintzoa da, zalapartarik gabekoa”.
Podemosek Pasaian Emakumeen Etxea sortzeko konpromisoa eskatu du
Sozialisten izenean, Lore Suarez alkateordeak hori bera errepikatu du, esanez udal gobernuaren proposamenak lehenetsi dituela “zuhurtzia” eta “gastuaren eustea”. Horren aurrean, EH Bildu berriro ere “kikildu” egin dela uste du Suarezek, aurreko aurrekontuekin bezala, kontra egin baitiote aurrekontuari. Arrazoia, haren arabera, “beldurra, paralisia eta heldutasun politikorik eza”.
Datorren hauteskundeetan ere moreen hautagai izango den Julen Rodriguezek esker oneko hitzak bueltatu zizkien atzo EAJ eta PSE-EEri. “Oposizio eraikitzailea” egiteko helburuz erabaki dute abstentzioa ematea, eta asebete agertu dira, uste baitute, gobernuak bere egin dituen emendakinekin, aurrekontu proiektua hobea dela.
Podemosek tokiko gobernuarekin akordioa itxi du, datorren ekitaldiko udal kontuetan herriko kultur, kirol, hezkuntza, adinekoen etxe eta jai batzordeek jasoko duten diru kopurua handitzea lortuz. Horrez gain, Rodriguezek aipatu du gobernuak beste bi konpromiso hartu dituela aldeen arteko negoziazioan: “Pasaian hurrengo Emakumeen Etxea sortzeko proiektuak bultzatzea eta datorren urtean aurrekontu parte-hartzaileak garatzea”.
Ahal Duguk aurrekontuz kanpoko akordio bat ere lortu du jeltzale eta sozialistekin. Horren arabera, erregai fosila erabiltzen duten zenbait udal ibilgailu beste garraio elektriko batzuengatik aldatuko dituzte, udal eraikinetan eguzki plakak jartzeko partida handituko da, eta Karmengo Amako patioa estaliko dute. Azken esku-hartze horrek milioi erditik gorako aurrekontua izango du.
Iaz onartutako EH Bilduren emendakinen %55 ez da gauzatu gaur-gaurkoz
EH Bildurentzat “ez da nahikoa”
Gobernuarekin itxitako akordioagatik, atzoko plenoko gaien artean zegoen osoko zuzenketa bertan behera uztea erabaki zuen Ahal Dugu-Podemosek; EH Bilduk, ordea, osoko emendakina mantendu zuen. Erabakiari buruzko azalpenak eman zituen Iraitz Pazosek: “Gure helburuak anbizio handikoak ziren, krisi testuinguruan ahalegin handiagoa espero genuen”.
Emendakin partzialak sartzeko saiakera ere egin zuten bilkideek (irakurri proposamenak albiste honetan), eta udal gobernua horietako zenbait onartzeko prest agertu bazen ere, oposizioko indar nagusiak argi utzi zuen adostasun horiek ez zirela aski, ez zutelako aurrekontuaren “barne ikuskera” aldatzen, eta bazter uzten zituztelako EH Bilduk funtsezkotzat jotako zenbait proposamen, besteak beste, gazte emantzipazioan laguntzeko 60.000 euro.
Larritzat jo du Pazosek gobernuak aldebakarrez diseinatu izana proposamena: “Ez ditu herritarrak ez elkarteak kontuan hartu, aurrekontua bakarrik egin du”. Horrez gain, eledunak gaitzetsi zuen azken aurrekontuan, datorrenean ez bezala, EH Bilduren emendakin batzuk bere egin zituela udalak, eta gaur-gaurkoz horien %55 ez dela gauzatu. “Eskatu genituen azalpenak, eta ez ditugu jaso”.