[Bideoa] Kantuz esan diote agur 2022ko Euskaraldiari pasaitarrek
Atzo bukatu zen euskararen aldeko ariketa, eta amaiera kontzertu bikoitza izan zen Antxoko Ibaiondo pilotalekuan.
Atzoko egunarekin bukatu zen 2022ko Euskaraldia, eta kantuz esan zioten agur pasaitarrek aurtengo euskararen aldeko ariketari, bi urte barrura arte. Itzal talde antxotarrak eta Ezpalak musikari zestoarrek kontzertua eskaini zuten azken gaua girotzeko.
Antxoko Ibaiondo pilotalekuan izan zen emanaldi bikoitza. Nerea Mateo eta Ekain Iribarren aurkezle antxotarrek ongietorria eman zieten bertaraturikoei, eta Itzal taldearen kontzertua hasi zen jarraian. Abeslari antxotarrek saioa bukatutzat eman zutenean, publikoak “beste bat” eskatu eta nahia konplitu zuten bi abeslari eta gitarra joleak.
Horiek bukatuta igo ziren Juanjo Berasain, Eñaut Gaztañaga, Unai Eizagirre eta Xabi Arrieta Ezpalak taldeko kideak oholtzara. Lehen diskoa aurkeztu zutenetik emandako lehen kontzertua izan zen atzokoa, eta abesti berriren bat edo beste estreinakoz eraman zuten oholtzara zarauztarrek.