[Argazki galeria] Euskararen babesean egindakoagatik, aitortza bi
Jaso dute 2022ko Oarsoarrak Euskara Saria Xixilio Maritxalarrek eta Zuberoa jatetxeak, artista, emozio eta aitortzaz josiriko ekitaldian.
2022ko Oarsoarrak Euskara Sariak eman zizkien atzo arratsaldean Oarsoaldeko Euskara Batzordeak Xixilio Maritxalar Labandibar euskaltzale oreretarrari (norbanakoen arloan) eta Oiartzungo Zuberoa jatetxeari (kolektiboen sailean). Hunkituta jaso zituzten aitortzak Maritxalarrek eta Unai Arbelaitzek, jatetxearen fundatzaileen izenean.
2022ko Euskaraldiaren azken egunean eta Euskararen Egunaren bezperan egin zuten sari banaketa atzo iluntzean, Donibaneko Juanba Berasategi aretoan. Hamarna euskaltzale, arduradun politiko eta saritutakoen senide nahiz gertuko hurbildu ziren atzo Naroa Iturri eta Arrate Hernandez kazetariek aurkezturiko ekitaldira.
Sari-emate ekitaldia izateaz haratago joan zen atzokoa, Errenteria-Oreretako Xenpelar Bertso Eskolako ordezkariek bertso bana bota baitzieten omendurikoei, baina ez hori bakarrik, Pasaiako Badia Antzerki Eskolako aktoreek umore puntua jarri zioten ekitaldiari, euskarak arlo formal eta garrantzizkoetan duen presentzia (edo presentzia ezaz) hausnartzeko moduko interbentzioarekin. Alaia Belauntzaran harpa jotzaileak ekitaldia ireki eta itxi zuen; azken horretan, ordea, ez zen bakarrik egon, Oiartzungo Olarri taldeko dantzariak haren doinuen erritmora aritu baitziren oholtzan.
Saridunak
Iazko saridunek besterendu zieten euskararen aldeko aitortza aurtengoei: Pello Jauregi Etxaniz irakasle eta ikerlari antxotarrak eskura eman zion saria Maritxalarri, eta Labore Oarso kontsumo kooperatibaren izenean berdina egin zuen Joana Mendiburuk, Zuberoaren ordezkari gisa oholtzara igo zen Unai Arbelaitzekin.
Azken horrek argitu zuen “lanpeturik, oso” zebiltzala Hilario eta Eusebio Arbelaitz saridunak, Zuberoak gertu baitu itxiera. Horretxegatik hurbildu zen hura atzo Donibanera, baina anai oiartzuarrek izan zuten eskerrak emateko tartea, bideo bidez izan bazen ere. Ikus-entzunezkoan azaldu zuten, euren ibilbide profesionalean Zuberoak sari asko jaso baditu ere, Oarsoarrak Euskara Sariaren aintzatesteak “ilusio berezia” egin ziela, hasi eta buka izan baitute euskara sostengu, sukaldean nahiz kanpoan.
Maritxalarrek, bere mintzaldian, eskerrak eman zizkien euskararen normalizazioaren alde eman dituen urteotan bidelagun izan dituen guztiei, eta aipamen berezia egin zion haren emazteari, euskaraz ez baitzekien hark, eta esfortzu handiz hasi baitzuen, liburu bati esker, euskaraz bizitzeko bidea. Eta, hain zuzen, euskara ikasteko ahalegin eta “sakrifizio handia” egiten duten horiek goraipatzeko baliatu zuen oreretarrak hitzartzea, jakitun baita zer-nolako esfortzua eskatzen duen euskaraz bizi nahiak. Hausnartzeko galdera bat ere bota zuen bukatzeko: “Euskalduna zein da, euskaraz dakiena edo euskaraz hitz egiten duena?”.