Eneritz Balda Aparicioren 'Gabonetako plaza', 2023ko egutegiaren buru
Udalaren 2023ko egutegirako argazki lehiaketa irabazi du lezoarrak. Osotara, 70tik gora izan dira aurkeztu diren irudiak.
Lezoko Udalaren 2023ko bi egutegiek, paretakoak eta mahaikoak (txikia) badute azaleko irudia: Eneritz Balda Aparicio lezoarrak egindako Gabonetako plaza argazkia izango dute buru. Beraz, Baldak irabazi du egutegiari begira udalak antolatutako argazki lehiaketa. Jesus Mari Martiarenak gaur bertan eman dio saria irabazleari.
Epaimahaiak 70 argazkitik gorako sorta aztertu du irabazlea erabakitzeko. Gainontzean, barrualdean, hilabete bakoitzak bere argazki propioa izango du, beste 12 irudiri eman baitiete aukera epaimahaikideek 2023ko hilabete den-denak ezaugarritzeko. Hala, egutegi horiek Kultura Sailaren egoitzan jaso ahalko dira, hilaren 19tik aurrera.
“Zeruak zuen kolorea oso polita zen, eta egun berezia zen gainera”, azaldu du Baldak, argazkia ateratzeko uneaz galdetuta. 2021eko abenduaren 31koan jasotakoa da argazkia. Alta, saria jaso duelako oso pozik dagoela aitortu du egileak, “ez nuen espero. Herritarrek nire argazkia berain etxeetan izango dute orain”. 200 euroko saria bere egin du Baldak lehiaketa irabazteagatik. “Herriko denda batzuk begiratu ditut jadanik, eta arropa asko gustatzen zait”; saria zertan inbertitu badaki, beraz, Baldak.
Jesus Mari Martiarena alkateak azaldu du, iaz bezala, aurtengo lehiaketan jaso diren lanak kalitate handikoak izan direla: “Herriko toki eta une kutunen argazki mordoa jaso dugu. Txapelduna lezoarra izan da, gainera. Sariarekin tokiko merkataritza sustatuko du”.
Hamabi hilabete, hamabi argazki
Baldarena da azala, baina honakoak dira, urtarriletik abendura hurrenez hurren, egutegietan azalduko diren argazkiak: Oier Goya Leundaren Lobato Etxea; Alazne Osa Iturriaren Lezotik Aiako Harriaz gozatzen; Ager Arrieta Martikorenaren Berdintasuna; Manuel Larrea Goienetxeren Sutargi Abesbatza; Idurre Bergara Gabilondoren Lezo koloretsua; Garbiñe Olaizola Pikabearen Udaletxea Gurutze Santutik; Daniel Azkue Miguelen Goiko Plaza; Intza Pikabea Etxebesteren Zeruko argiak; Juan Carlos Victorio Urangaren Su artifizialak; Alazne Osa Iturriaren Udazkeneko paseoa; Ager Arrieta Martikorenaren Udazkena; eta Jone Mendigutxia Manriqueren Ilunabarra portuan.