Astelehenetik aurrera banatuko dituzte udal egutegiak
Doan jaso ahalko dira Eneritz Baldak egindako 'Gabonetako plaza' argazkia azalean duten egutegiak. Lezoko beste hamabi txoko daude barruan.
Argazkiaren egilea: Eneritz Balda Aparicio. Datorren astelehenetik aurrera, Lezoko udaletxeko Kultura Aretoan jaso ahalko dira 2023ko egutegiak. Aurten ere, paretako nahiz mahaiko egutegiak doan banatuko ditu udalak, eta Eneritz Balda Aparicio lezoarrak egindako Gabonetako plaza argazkiak ilustratuko ditu azalak, hori izan zenez gero egutegien argazki lehiaketaren irabazle. Barnealdean, lehiaketan parte hartu zuten beste hamabiren argazkiak ikusi ahalko dira.
Egutegiak eskuratzeko, herritarrak 08:30etik aurrera gerturatu beharko dira udaletxeko erregistrora edo aipatu aretora. 2.000 ale inguru inprimatu ditu udalak, eta horiek denak doan banatuko dituzte, bukatu arte. Aleak soberan egongo direla aurreikusi dutenez, “presarik gabe” udal eraikin horietara gerturatzeko deia egiten dute.
