[Erreportajea eta elkarrizketa] Berdintasunera bidean aurrera egiteko plana
II. Berdintasun Plana jendaurrean jarri du udalak, alderdi guztien babesarekin. Lau lan ildo zehaztu dituzte datozen urteotarako, eta horiei buruz aritu da Malen Aldalur Berdintasun teknikaria.
Azken osoko bilkuran onetsi zuen Pasaiako udalbatzak, aho batez, Pasaiako II. Berdintasun Plana. Bide-orria osatzeko zimendu izan du udalak gaur arte martxan jarri izan diren berdintasun politika publikoen ebaluazioa; tartean, 2016 eta 2020 urteen bitartean indarrean egon zen I. Berdintasun Planarena.
Osaera prozesuan, herriko politikariek, udal teknikariek, Berdintasun Mahaiko kideek, Jabetze Eskolako parte-hartzaileek eta zenbait norbanakok hartu dute parte. Horien guztien ekarpenekin, eta Emakundeko VII. Planak zehaztutako gidalerroei jarraiki, bigarren plana osatu dute, eta lau ardatz nagusi ditu: gobernu ona; emakumeen ahalduntzea; ekonomiak eta gizarte antolakuntza eraldatzea; eta indarkeria matxista. Horiei buruzko zertzeladak eman ditu Malen Aldalur Azpillaga Pasaiako Berdintasun teknikariak.
Gobernu ona titulua jarri diote «zeharkakotasunez sail bakoitzean genero ikuspegia txertatzen hastea» ahalbidetuko duen ahaleginari, Aldalurrek azaldu duenez. Hori lortu ahal izateko, trebakuntza eta sailarteko guneak sortu beharko dituzte. «Sailen arteko harremanak ezinbestekoak izango dira». Gobernu onaren helburua udal egituran ikuspegi feminista txertatzea izango da, eta zeharkakotasunez lantzeko gai bilakatzea hori.
Lehen lauhilekoan egindako zenbaketaren arabera, 200 emakume ari dira parte hartzen Pasaiako Jabetze Eskolan. Beraz, udala ari da, jada, planaren bigarren ardatz den Emakumeen ahalduntzea lantzen. Hala mintzatu da teknikaria: «Bide hau azken urteetan landu denaren seinale da». Eskola indartzen jarraitu nahi dute, batez ere, emakume gehiagorengana iritsiz, eta bereziki, neska gazteengana. «Hauen parte hartzea sustatu nahi dugu», gaur protagonista diren adineko emakumeen inplikazioa aintzatestearekin eta Berdintasun Mahaia indartzen jarraitzearekin batera.
Ekonomiak eta gizarte antolakuntza eraldatzeari dagokionez, gizonekin lanketa egitea proposatzen du planak. Ahalduntzearen ikuspegitik, zaintzaileentzako guneak ere sortu nahi dituzte, eta hezkidetza lantzeko jarduerak sustatu: «Goxatu sexualitate eta genero aholkularitza indartzeaz gain, eskoletan sexu-heziketa eta indarkeria matxistaren prebentzio saioak eskaintzeko pausua eman da».
Indarkeria matxista da planaren azken hanka. «Berdintasun arloak eta Gizarte Ekintzak duten harreman estuari esker, arlo hau asko landu izan da urteetan zehar», poztu da Aldalur, «eta horrek bere emaitzak eman ditu». Dena den, egiteko bide luzea dutela ere aitortu du, eta ildo horretan arreta integralari eta erreparazioari jarri nahi diote bereziki arreta.
[Elkarrizketa] LORETO OSA OCON. BERDINTASUN ZINEGOTZIA: «Ikuspegi feminista txertatu behar dugu udal langintzan»
II. Berdintasun Plana diseinatzerako orduan identifikatu dituzten indargune eta ahulguneei buruz mintzatu da Berdintasun zinegotzia. Pasaia «feminista eta parekide bat eraikitzeko» gobernantza arlotik abiatu beharko dira.
Zergatik da beharrezkoa Pasaian Berdintasun plan bat izatea?
Plana, batez ere, lanerako tresna bat da. Plan batek berekin dakar egunerokotasunetik burua altxa eta aurrera begira jartzea, perspektiba ematen du. Esku artean dugun plan honen helburua ere horixe izan da: zer egin dugun aztertzea, horri balioa ematea eta egiteko ditugunak zerrendatzea.
Lau urte barru nola egon nahiko genukeen pentsatzeko ariketa kolektiboa egin dugu politikariok, teknikariek, emakume elkarte eta talde feministek, Jabetze Eskolako kideek eta norbanakoek, eta irudikapen horretara iristeko egin beharreko lanak bildu ditugu.
Baduzue zertan oinarritu.
Pasaian ez gara hutsetik hasten berdintasun politikak eraikitzen, bide luze bat eta plan bat ere baditugu aurretik, baina ezinbestekoa iruditzen zitzaigun helburu berriak jartzea. Berdintasunaren alde aurrerapauso handiak egin ditugu gizarte moduan, baina bide luzea dugu egiteko, baita Pasaian ere.
Ikuspegi feminista txertatu behar dugu udal langintzan, indarkeria matxistaren aurkako estrategiak, baliabideak eta sareak ehundu behar ditugu. Eta horretarako behar dugu, hain zuzen ere, plana: emakume elkarte eta eragile feministekin batera, Pasaia parekideago bat eraikitzeko tresna bat izateko.
Zein beharretatik abiatzen da?
Azken urteetan lan handia egin da berdintasun arloan, eta hainbat jarduera eta proiektu abiatu dira. Aurreko plana 2020an iraungi zen, eta momentu ona iruditu zitzaigun eguneroko lanetatik burua altxa eta aurrera begirako estrategia eta plan bat egiteko. Horrek, egindako bidea aztertzeko eta ebaluatzeko aukera ere eskaini digu, eta baita gure indargune eta ahuleziak ikusteko ere.
Zeintzuk dira horiek?
Pasaiak baditu hainbat indargune: Jabetze Eskola, adibidez, oso sendo dago. Azken urteetan ikastaro eskaintza moldatu eta formula berriak probatu dira, eta badirudi ondo funtzionatu dutela. Iaz, 200 emakume inguru aritu ziren ikasturte guztian, eta aurten lehen hiru hiletan hautsi dugu marka hori. Guretzat oso garrantzitsua da hain emakume anitzak elkartzeko guneak izatea, autoestimua, konfiantza, ahalduntzea, indarkeria matxistaren prebentzioa, osasuna, feminismoa… eta beste hainbat gai lantzeko aukera eskaintzea ere beraien ahalduntze indibidual zein kolektiboan bidelagun izatea. Ildo horretan, Berdintasun Mahaiari ere balioa eman nahi nioke.
Bestalde, indarkeria matxistari aurre egiteko jarduerak ere ugariak izan direla ikusi dugu ebaluazioa egiterakoan, eta lan handia egin dela ardatz horretan.
Gabeziei dagokienez, gainerako udalerrietan gertatzen den gisan, gobernantzaren arloa da gutxien landu dena. Dena den, jakin badakigu udal egituran ikuspegi feminista txertatzeak duen garrantzia, eta plan honek ahalbidetuko du lan horrekin jarraitzea eta hurrengo urratsak egitea.
Prozesu luzea izan da, baina pozik gaude emaitzarekin. Sorkuntza prozesuan hainbat pertsonak eta eragilek hartu dute parte. Parte-hartzea oso ugaria eta anitza izan da, eta uste dugu anbizio handiko plan bat daukagula esku artean.
Etxeko lanak baditugu, eta orain Pasaia feminista eta parekide bat eraikitzeko lanean jarraitzea dagokigu.