San Tomaseko egitarauak, barrutiz barruti
Gogotsu daude pasaitarrak. San Pedro eta Antxon larunbatean ospatuko dute San Tomas, eta igandean Donibane nahiz Trintxerpen.
Pasaiako barruti guztietan antolatu dituzte aurten, azken urteetako hutsunearen ondoren, San Tomas ospatzeko egitarauak. Antxo eta San Pedron bihar, larunbatarekin, ospatuko dute jaia; Donibane eta Trintxerpen, berriz, igandean.
Jarraian, asteburuari loturiko informazioa, barrutiz barruti:
San Pedro
Barruti morean, esan bezala, larunbatean egingo dute San Tomas ospakizuna. Horretarako, babarrun jana antolatu dute bizilagunek, eta honakoa da hitzordua: 14:30ean, Begi Haundi eta Antxetan. Bazkarirako txartelak 18 eurogatik daude salgai helduentzat establezimendu horietan, eta helduenak, 6 euroan.
Haur asko apuntatuz gero, horientzako bazkaria 13:30ean Antxetan izango dela ohartarazi dute antolatzaileek. Eta gehiago: bazkaria bukatzerakoan, dj-a izango da.
Antxo
Antxotarrak dira larunbaterako egitaraua prestatu duten besteak. Barruti horretan egun guztirako jarduerak antolatu dituzte barrutiko elkarteek, Topaguneak eta Papineko Gazteriak. Horra hor guztia:
- 12:00-15:00. Ordu horretatik aurrera txistorra usaina nagusituko da Biteri plazan. Pasaia-Lezo Lizeoko gazteen emanaldia abiatzearekin batera hasiko dira Papinekoak taloak saltzen, eta elkarteak txistorra pintxoak. Horiek karpa barruan egongo dira, eta abeslarientzako oholtza prestatu dute.
- 15:00. Bazkari herrikoia antolatu du Topaguneak, Ibaiondo pilotalekuan. Menu osoa prestatu dute: babarrunak sakramentuekin, postrea eta edaria. Bazkalostean, musika.
- 15:30-17:30. Papinekoen karropoteo interaktiboa, herrian zehar. Euria egingo balu, karpan.
- 18:00-19:00. Asier Kidam magoaren emanaldia, Biteriko karpan, Papinek antolatuta.
- 19:30-23:00. Papinek antolatuta, Jai Batzordearen finantziazioarekin, Joselonxos txaranga.
- 23:00-02:30. Eguna ixteko, etxeko dj-en emanaldia, Papinek antolatuta, Biteriko karpan.
Donibane
Sanjuandarrek iganderako prestatu dute ospakizuna, Santiago Plazan. Horregatik, udaltzaingoak ohartarazi du Donibane kalea zirkulaziorako itxita egongo dela 10:00etatik 16:00etara. Horra hor antolaturikoak:
- 11:00. Trikitilarien doinuekin, azokari hasiera emango diote, eta konpota erakustaldia izanen da ordu berean.
- Azokan zehar talo eta txistorra postua martxan egongo da.
- 12:00. Pasaia-Lezo Lizeoko haurren kantaldia abiatuko da ordu horretan.
- Ondoren, Lintxua Donibaneko Euskal Dantza Taldearen emanaldia.
- 14:00. Euskal produktuen zozketa.
- Egitarauaren antolatzailea: Itsas Mendi Elkartea. Laguntzaileak: Pasaia-Lezo Lizeoa; Aitonen aterpea; Bixi-Bixi Elkartea; Iturgaitz aulkiak; Lintxua Dantza Taldea; eta Pasaiako Udala.
- Partaideak: Xatur Telletxea: makilak; Aritzkurengo Tienduka: kosmetika naturala; Eneko Sein: abereak eta jakiak; Gaztelutxo baserria: abereak eta barazkiak; Maixus: kakorratzezko panpinak; Maitane Andueza: Makrame eta alpakazko pitxiak; Joxe Ramon Etxabe: gazta; Leire Dorronsoro: makrame eta pitxiak; Garikoitz: ardiak
Trintxerpe
Azkenik, trintxerpetarrek ere etzi ospatuko dute San Tomas. Kultur ekitaldiengatik, Euskadi etorbidea erabat moztuko da 12:00etatik 14:00etara. Horrez gain, Ulia etorbideko 1-3 zenbakitik Azkuenerako sarbidea itxi egingo da 10:00etatik 14:30era, eta Ulia etorbideko 3. zenbakiko garajeetara sartzeko bakarrik pasa ahal izango da, errei beretik sartu eta irten. Errenteria kalera sartzeko, azkenik, Azkuene 32raino joan beharko dira autoak, Ulia etorbidetik, eta Azkueneko biribilgunetik sartu.
Illunbe Musika Elkartearen 50. urteurrenaren aterkipean, banda horrek berak, Eguberritako kontzertua emango du 13:00etan Gernika plazan, Fran Berraren zuzendaritzapean. Euria egingo balu, alkateordetzara lekualdatuko lukete emanaldia.