Nexgraffena, munduko ehun pareta mural onenen artean
Street Art Cities mundu mailako plataformak 2022an proposaturikoen artean dago Nextor Otañok Ziritza etxean egindakoa. Bozketa zabalik da.
Street Art Cities, kale artearen munduko plataformarik handienetako batek, urteroko ehun kale mural onenen sailkapena argitaratu du, eta 2022ko rankingean dago Nextor Otaño Nexgraff grafitigile sanpedrotarrak Trintxerpen egindako emakume baten erretratua.
Obra Ziritza eraikinaren fatxadako hormetako batean dago kokatuta, Gernika plazan, hain zuzen ere. Illunbe Musika Eskolak, 50. urteurrenaren harira, sustaturiko artelana da Trintxerpekoa. Artistak berak azaldu duenez, muralaren protagonista den emakumeak musika irudikatu nahi du, bertako arrantza tradizioa aintzatestearekin batera.
Kale muralen mundu mailako lehiaketa martxan da, eta oraindik eman daiteke botoa sanpedrotarraren lanaren alde. Rankinga ikusteko hemen klik egitearekin aski da, baina bozkatu ahal izateko App Storen edo Google Playen Street Art Cities izeneko app-a deskargatu eta bertan hautatu beharko da Otañorena. 26 egun besterik ez dira gelditzen parte hartu ahal izateko.