Beraungo autoen zarataren aurkako obra maiatzean amaituko dute
Aizpea Otaegi eta Aintzane Oiarbidek errepideko pantailen lanetara bisita egin dute gaur.
Gaur elkartu dira Aizpea Otaegi Errenteria-Oreretako alkatea eta Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatua Beraungo errepideko soinuaren aurkako lanak ikusteko. GI-20 errepidean ari dira lanean, pantaila akustikoak jartzen, Arramendi paretik Beraungo amaieraraino. Orain, egituraren zapatak eta euskarriak instalatzen ari dira eta maiatzerako amaitzea espero da.
Arramendi parean bi metroko altuera izango dute pantailek, zubia izanik ezin baita altuera handiagokorik jarri, eta beste guneetan lau metrokoak izango dira. Kilometro eta 20 metroko luzeran jarriko dituzte pantaila berde fonoxurgatzaileak. Diputatuak lanaren garrantzia azpimarratu du: “4.000 pertsona ingururi eragiten die gune honetako zaratak, eta eskuhartze honekin horien bizi kalitatea hobea izango da”.
Lanak maiatza amaierarako amaituko dituztela aurreikusten da eta horrekiko poztasuna azaldu du Aizpea Otaegik: “Hitz egin genituen epeen barnean dena bukatuta egongo dela jakiteak pozten nau, gure herritarren bizi kalitatea hobetuko da”. Gainera, Beraungo lanak amaitzerakoan, Errenterian GI-20ak eta AP-8ak topo egiten duten gunean hasiko dituzte lanak. Agustinak, Markola eta Arragua inguruan ere jarriko dituzte pantaila fonoxurgatzaileak maiatzetik aurrera, eta Otaegik esan du bertan 2.000 biztanleri eragingo diela eta 2024 ingururako amaitzea pozgarria dela.
Obra hauek Gipuzkoako Foru Aldundiak 2021ean egindako Zarataren Aurkako Ekintza Planetik abiatu dira. 2021etik 2025era bitarteko plan horretan, zarata mapa prestatu zuten eta Gipuzkoa osoan 3,7 kilometrotan zehar egin beharko dituzte zarata murrizteko lanak. Horretarako, 20 milioi euroko inbertsioa aurreikusten dutela azaldu du diputatuak eta besteak beste, N-I, AP-8 eta GI-20-an jardungo dira; Tolosa, Zarautz edo Errenteria parean.